Euskadik Teknologia Garbien zerrenda handitu du trantsizio energetikoa eta klimatikoa bizkortzeko
2025/01/17

Eusko Jaurlaritzaren agindu berri batean Euskadiko Teknologia Garbien Zerrenda eguneratu da. Teknologia horien erabilerak ekipoaren inbertsio-kostuaren % 30eko kenkaria dakar Sozietateen gaineko Zergaren kuotan.
Eusko Jaurlaritzak Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eguneratu du. Zerrenda horrek ekoizpen-prozesuen eraginkortasuna sustatzen du, EAEko ekoizpen-sarean ingurumen-portaera hobea duten ekipoak ezarriz. Tresna fiskal hori funtsezkoa da lurraldean trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren helburuetarantz aurrera egiteko.
Hori guztia Ihobe, Spri eta EEE erakunde publikoen lanari esker lortu da, Euskal Ogasunen eta Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren laguntzarekin. Finantza-erakundeek, teknologia-hornitzaileek, zerga-aholkulariek, enpresa-elkarteek eta enpresek berek ere parte hartzen dute. Erakundeen arteko lankidetza horren helburua trantsizio berderako bidea bizkortzea da, enpresentzako ahalik eta modu eraginkorrenean.
Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Legeak, VI. kapituluan, 58. artikuluan, energia kontrolatzeko, emisioak murrizteko eta klima-aldaketara egokitzeko teknikak eta teknologiak sustatzen ditu. Halaber, zerrenda Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 85. artikuluan xedatutakoarekin ere bat dator. Artikulu horretan, tresna mota horiek onartzea eta aldizka eguneratzea aurreikusten da.
Zerrenda tresna dinamikoa da, eta noizbehinka eguneratuko da azken berrikuntza teknologikoak sartzeko, eta horrela, Euskadik hartutako klima-konpromisoak betetzeko. Gainera, funtsezko tresna fiskala da, inbertsio jasangarriak bereizteko eta klima eta energia helburuekin bat datozen ekimenetara bideratutako kenkari fiskalak eskuratzeko.
Klima-trantsizioa azkartzen duten teknologiak
Zerrendako teknologiek helburu hauek lortzen laguntzen dute:
- Berotegi-efektuko gas-emisioak (BEG) murriztea.
- Funtsezko sektoreetan energia-eraginkortasuna hobetzea, hala nola industrian, mugikortasunean eta eraikuntzan.
- Klimara egokitzeko, energia berriztagarriak eta naturan oinarritutako konponbideak sustatzea.
- Baliabideak eta hondakinak modu eraginkorrean kudeatuz, ekonomia zirkularra sustatzea.
Teknologia horien artean, garraioa elektrifikatzearekin, energia fotovoltaikoaren sorkuntzarekin, karbonoa atzitzearekin eta biltegiratzearekin eta prozesu industrialen ingurumen-inpaktua murrizteko hobekuntzekin lotutakoak nabarmentzen dira.
Berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin konpromisoa
Zerrendaren onarpenarekin, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta berrikuntza teknologiko jasangarriaren sustapenean erreferente gisa duen posizioa indartu du Euskadik. Gainera, klima- eta energia-helburuekin bat datozen irtenbide teknologikoak ezarri nahi dituzten enpresa, administrazio publiko eta beste eragile batzuentzako gida izango da zerrenda. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan ere aurrerapausoa da, eta baliabideak proiektu jasangarrietan erabiltzea bultzatzen du.
Esteka honetan dago Euskadiko Teknologia Garbien zerrenda osoa: https://www.ihobe.eus/teknologia-garbien-euskal-zerrenda