Euskadik SOILUZIOAK 2023 lurzoruaren babesari buruzko kongresua hartuko du urrian
2023/05/25
Kongresua urriaren 10ean eta 11n egingo da, Bilbon, eta lurzoruaren babesaren egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzea du helburu, hainbat ikuspegi eta eragiletatik.
Eusko Jaurlaritzak 2022ko ekainean onartu zuen lurzorua babesteko lehen estrategia —aitzindaria bere ikuspegiarengatik—, 2050ean ingurune horren degradazioa saihesteko eta haren kontserbazioa bermatzeko.
SOILUZIOAK 2023 kongresuak hitzaldi inspiratzaileak, nazioarteko politikei buruzko eztabaidak, etorkizuneko joerak, eskualdeetako jardunbide egokiak eta bertatik bertarako bisitak izango ditu.
Euskadik SOILUZIOAK 2023 antolatuko du urriaren 10ean eta 11n Bilboko Euskalduna Jauregian. Lurzorua babesteari buruzko kongresu berezi bat da, eta gaian adituak diren 250 pertsona bildu nahi ditu, besteak beste, giza osasunaren, biodibertsitatearen, klima-aldaketaren, elikagaien segurtasunaren edo uraren kalitatearen ikuspegitik lurzorua kudeatzeko beharrari buruz hausnartzeko.
Helburu horretan laguntzeko, SOILUZIOAK 2023k hitzaldi inspiratzaileak, balio tekniko handiko hitzaldiak, eztabaidak eta arrakasta-kasuak biltzen dituzten saio paraleloak, eta bertatik bertarako tailer eta bisita gidatuak eskainiko ditu.
Era berean, esparru horretan aurreratuta dauden Europako beste eskualde batzuen esperientziak jasoko ditu. Izan ere, aurreko egunean, urriaren 9an, Common Forum-en urteko bilera egingo da. Common Forum EBko herrialdeetako arduradun tekniko eta politikoen sare europar bat da, lurzoru kutsatuetan eta lurzorua babesteko estrategia berrietan espezializatua.
SOILUZIOAK 2023n aurretiko izen-ematea egiteko epea jada zabalik dago. Horretarako, soiluzioak@ihobe.eus helbidera idatzi behar da, izena eta posta elektronikoa adieraziz. Ekitaldiaren kostua 50 eurokoa izango da, kafeak, lunch-a, bertatik bertarako bisitak eta materialak barne.
Estrategia aitzindaria
Eusko Jaurlaritzak lehen Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia 2022ko ekainean onartu zuen. Estrategia horrek, lurzoru kutsatuen lan-ikuspegi tradizionala — Europan Euskadi eskualde aurreratua da— gaindituz, lurzoruaren kudeaketa modu integralean lantzen du.
Estrategia aitzindaria da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatutako ikuspegiagatik. Hainbat erakundek parte hartu dute estrategia horretan, eta helburu handinahia ezarri du: lurzoruaren kudeaketa jasangarriaren bidez, mendearen erdirako ingurune horren degradazioa saihestea, termino garbietan, eta, aldi berean, biodibertsitatearen eta pertsonen osasunaren ikuspegitik haren kontserbazioa bermatzea.
SOILUZIOAK 2023 kongresua baliagarria izango da, halaber, estrategia horren helburuak xehatzeko eta lurzorua babesteko egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko eskura dauden soluzio onenak aukeratzeko.
Lurzorua, bizitzarako funtsezko baliabidea
Lurzorua funtsezko baliabidea da gizakia eta gainerako espezieak existitzeko, eta kontsumitzen ditugun elikagaien % 95 ematen du; hala ere, duela urte batzuk arte ingurumena babesteko garaian ahaztu den alderdi nagusietako bat izan da.
Lurzoruaren degradazioak zerbitzu ekosistemikoak galtzea dakar; Europar Batasunean urtean 38.000 milioi euro inguru izango direla kalkulatzen da. Higadurak, berez, urtean 1.250 milioi euroko kostua du Europako nekazarientzat. Testuinguru horretan, lurzoruaren babesak, hasiera batean politika eta plangintza sektorial askotan banatuta zegoenak, protagonismoa hartu du munduko eta Europako eszenatoki berri batean; izan ere, gure planetako balio ekologiko, sozial eta ekonomikoen babes atzeraezinean dagokion lekua berreskuratu du.
Ildo horretan, aipatu behar da historikoki, herrialde askotan —bereziki industrializatuenetan— arazo horrek duen garrantziaren ondorioz, lurzoru kutsatuei arreta ia esklusiboa eskaini zaiela. Lurzoru horien kudeaketan Euskadi erreferentea da Europan.
Hala ere, kutsaduraz haratago, badira beste mehatxu batzuk, hala nola higadura, zigilatzea, gazitzea, trinkotzea, materia organikoaren eta biodibertsitatearen galera edo lur-irristatzeak, eta horiek ez dira ahaztu behar helburua baliabidearen babes integrala denean. Lurzorua babesteko estrategia orokor batek kontuan hartu behar ditu gure lurzoruen osasunari eta, ondorioz, lurzoru horiek beren funtzioak garatzeko gaitasunari modu negatiboan eragiten dieten mehatxu guzti-guztiak.