Euskadik klima-egokitzapenean duen esperientzia partekatu du LIFE IP NAdapta-CCren amaierako ekitaldian
2025/10/30
Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendari Mª Mar Alonso Martinek Euskadik klima-aldaketara egokitzeko dituen lan-ildo nagusiak eta aurrerapenak aurkeztu zituen Iruñean, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua eta KAIA ekimena nabarmendu zituen, besteak beste.
Urriaren 24an Iruñean egin zen LIFE IP NAdapta-CC proiektuaren bukaerako ekitaldian, Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendari Mª Mar Alonso Martínek klima-aldaketara egokitzeko esperientziak trukatzeko saio batean parte hartu zuen, hala nola LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan. Bi proiektuek klima-ekintzaren arloko jardueren hedapenean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko euren egikaritze-aldietan zehar izan duten aldizkako harremanari gehitu zaio jardunaldi hau.
Mª Mar Alonso Martínek Euskadik klima-aldaketara egokitzearen arloan izan duen ibilbidea azpimarratu zuen bere hitzaldian, plangintza sendo batek eta etengabeko bilakaeran dagoen arau-esparru batek babestutakoa eta Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legearekin amaitzen dena.
Alonsok nabarmendu zuen besteak beste LIFE IP Urban Klima 2050 lankidetza-proiektuak funtsezko baliabideak direla klima-ekintza eskualde-mailara egokitzeko orduan, irtenbide berritzaileak, errepikagarriak eta ezagutza partekatuan oinarritutakoak praktikan jartzeko aukera ematen baitute. Urban Klima 2050ek gauzatutako ekintzen artean, naturan oinarritutako konponbideen (NBS) garrantzia aipatu zuen Alonsok, Euskadiko egokitzapen-politiken funtsezko oinarri gisa, lurraldeko 50 udalerrik baino gehiagok inplementatutako ehundik gora proiektu hartzen dituena.
Aurkezpenean, Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria egokitzeko zutabea osatuko duten ekintza estrategikoen ildoak ere aurreratu zituen, lurraldearen erresilientzia indartzera bideratuta, klima-arriskuen aurrean.
Era berean, Alonsok KAIA (Klima Aldaketaren InpaktuA) izeneko sailen arteko koordinazio-mahaia nabarmendu zuen. Eusko Jaurlaritzak onartu zuen hura 2025eko ekainean, eta beharrezko eragileak, publikoak zein pribatuak, barneratzea ahalbidetuko du honek, klima egokitzeko bost proiektu erakusle hedatze aldera, 27,5 milioi euroko inbertsioari esker. Horien artean daude LIFE IP Urban Klima 2050 programaren esparruan Bakion eta Zarautzen egingo diren jarduerak.
Bakioren kasuan, duela gutxi hasi dira lanak Estepona ibaian, barruko padura bat eta urpean gera daitekeen baso bat sortzeko, hiriguneko uholdeen aurrean segurtasuna areagotzeko eta, horrela, udalerriaren klima-erresilientzia hobetzeko xedearekin. Zarautzen, Narros-Munoa ingurua birmoldatzea aurreikusi da, hiri-kostaldea itsas mailaren igoerara eta, klima-aldaketaren ondorioz, hura olatu-arriskura egokitzeko.
LIFE IP Ndapta-CC, zortzi urte eta 53 ekintza Nafarroa klima-aldaketara egokitzeko
LIFE IP NAdapta-CC proiektua amaitzera doa, zortzi urtez klima-aldaketara egokitzeko estrategia integratu bat garatu ondoren, Nafarroako Gobernuak bultzatuta, haren efektuen aurrean lurraldearen erresilientzia handitzeko helburuarekin. Sektore arteko lankidetzan, epe luzerako jasangarritasunean, parte-hartze sozialean eta sareko lanean oinarritzen da. Proiektuak Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orrian (HCCN-KLINa) jasotako ekintza guztiak martxan jartzen lagunduko du, klima-aldaketaren aurkako borroka politika sektorial guztietan txertatuz.

