Euskadik klima-aldaketara egokitzeko Europako mugaz gaindiko lehen estrategiaren prestaketan parte hartzen du
2022/05/19
Bilbok “Mendi-eremuetako klimaren aldaketari buruzko nazioarteko 4. solasaldia" hartuko du gaurtik aurrera, Pirinioetako Lan Erkidegoaren (PLE) Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak (KAPB) antolatuta. Topaketa hori Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia (EPICC) zabaltzeko erabiliko da. Europan plan aitzindaria da estrategia hori, klima-aldaketara egokitzeko mugaz gaindiko ekintzan zentratua eta, gainera, arintze-ekintzak barne hartzen dituena. Dokumentu hau egiteko, bi urte eta erdiko lana egin dute PLE osatzen duten lurraldeek: Andorrako Printzerriak eta Akitania Berria, Aragoi, Katalunia, Okzitania, Nafarroa eta Euskadiko gobernuek (azken hau da gaur egun lehendakaritza duena).
Inaugurazio-ekitaldian, Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak azpimarratu du Euskadik duen zeregina, bera baita Nazio Batuek bultzatutako "Anbizio Klimatikorako Aliantza" osatzen duten mundu osoko 22 eskualdeetako bat. Horrek esan nahi du "2050. urterako karbono-neutraltasuna lortzeko gure konpromisoari nazioarteko aitorpena” eman zaiola. Eusko Jaurlaritzak administrazioen arteko lankidetzaren eta sareko lanaren aldeko apustua egiten du, maila anitzeko benetako klima-gobernantza bat gauzatu ahal izateko. Gogoratu behar da eskualdeek eta toki-erakundeek EBko legeria osoaren % 70 aplikatzen dutela.
Euskadik Pirinioetako Lan Erkidegoaren (PLE) lehendakaritza du; mugaz gaindiko 7 lurraldek osatzen dute erkidegoa, eta Europako Estrategia bakar hori partekatuko dute Bilbon
Euskadik Pirinioetako Lan Erkidegoaren moduko aliantzetan sakontzeko apustua egiten du, bide egokia baita beste administrazio, gobernu eta eskualdeko nahiz tokiko ekimenekin loturak estutu eta zehaztutako helburuak lortzeko. Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak azpimarratu du beharrezkoa dela "berotegi-efektuko gasen isuriak gehiago eta azkarrago murriztea, klima-finantzaketa handitzea eta gure lurraldeko aldaketak bizkortzea klima-aldaketaren inpaktuetara hobeto egokitzeko". Alde horretatik, Amaia Barredok azpimarratu du XXI. mendearen amaieran Aneto, Orhi edo Pica d'Estat-en behealdeko tenperaturak duela 20 urte erregistratutakoak baino 4.0º C-tik 6.3º C-ra bitarte altuagoak izan daitezkeela", horrela nabarmenduz "Pirinioetako eskualdeetako tenperaturak pixkanaka igotzen ari direla planetaren berotze orokorra baino gehiago".
Euskadiren kasuan, sailburuordeak balioan jarri ditu Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, prestatutako hainbat tresna, diagnostikotik hasi eta arintzearen eta egokitzearen arloko klima-ekintzara arte. Halaber, Amaia Barredok balioa eman dio Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen lanari, arrakasta adibide argia denez eskualde-politikak tokiko esparruan hedatzeko bidean, eta baita LIFE Urban Klima 2050 proiektuari ere, maila anitzeko gobernantza horren klima- eta energia-erronkari aurre egiteko diseinatutako ibilbide-orria hedatzea helburu duenari.
Klima-aldaketaren aurkako aliantza transpiriniotarra
Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren (KAPB) helburua da Pirinioetako klima-aldaketaren fenomenoaren jarraipena egitea eta fenomeno hori ulertzea, lurraldeari haren inpaktuetara egokitzen laguntzeko. Mendiko ekosistemetan klima-aldaketara egokitzeko ezagutzari buruzko erreferentzia-plataforma izatea da bere ikuspegia.
Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren ibilbideak (ADAPYRen bidez, azken etapa honetan) gidatu du Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategiaren garapena, Bizkaiko hiriburuan egingo den topaketan zehar ezagutzera emango dena. Topaketak, gainera, aukera emango du egokitzapen-lerro sektorialak, behaketako eta klimako azken berritasunak (Pirinioetako klima-buletinaren bidez) edo herritarren zientzian eta ingurumen-hezkuntzan egindako aurrerapenak aurkezteko.
Proiektu horren esparruan, Euskadik klima-aldaketari buruzko politikak tokiko mailan integratzeko jardunbide egokiak identifikatzen lagundu du. Zehazki, 14 gomendio planteatu dira, 6 fasetan zehar Pirinioetan eskualdeko nahiz tokiko neurri politikoak hartzea sustatzen dutenak. Gomendio horiek oso gogoan dute tamaina txiki eta ertaineko udalerriei (Pirinioetako lurretan oso ohikoak) dagokiela haiek aplikatzeko erronka. Udalerri horiei eskaintzen zaie eskura dauden finantzaketa-iturri posibleen azterketa, atzeratu ezin diren klima-aldaketaren politikak tokiko eremuraino hedatzea bideragarri izateko.