Euskadik bere eredu sozial, ekonomiko eta industriala azalduko du Glasgowko COP26an, ekintza klimatikoa egituratzeko elementu gisa
2021/09/30
Glasgow klima aldaketaren hiriburua izango da azaroan, eta gaur, irailak 30, Glasgowko goi-bilera prestatzeko hitzordu telematiko eta presentzialak ospatuko dira Milanen. Gaur hasiko da Estatu eta Eskualdeetako gobernuen eta herritarren artean interes handiko eztabaidak eragingo dituen mundu mailako ekitaldi nagusienetarikoa.
Euskadi klima-aldaketarekin konprometituta dagoen eskualdea da. Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren bultzadarekin, erronka klimatikoa eta energetikoa funtsezko lehentasun gisa ezarri ditu. Adibide gisa, Euskadi Nazio Batuek bultzatutako "Ingurumen Klimatikoaren aldeko Aliantza" osatzen duten mundu osoko 22 eskualdeetako bat da, eta horrek nazioarteko errekonozimendua ematen dio Euskadik 2050erako edo lehenago karbonoan neutraltasuna lortzeko eta klima-aldaketaren ondorioetarako erresilientea izateko duen konpromisoari.
Euskadi Glasgowen izango da, eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Arantxa Tapiak, aurreratu duenez, "Gure esperientzia eta konpromisoa goi mailako hainbat mahaitara eramango dugu", "Gure eredu sozial, ekonomiko eta industrialetik, gure esperientzia eta ekintza klimatikoaren aldeko apustua ezagutarazteko". Sailburuaren agendan honako ekitaldi hauek sartzen dira:
- Euskadik bere gain hartuko du World Economic Forumaren testuinguruan industria deskarbonizatu baten aldeko konpromisoa.
- Energiaren esparruan, offshore energiaren euskal kasua eta hidrogeno garbiaren estrategietan azalduko da Europako Batzordearen Energia Zuzendaritza Nagusiak antolatutako topaketa ofizialean.
Euskadik parte hartzen duen nazioarteko sareak batzeko aukera ezin hobea emango da:
Under 2 Coalition: berotegi-efektuko gasen isurketa arintzea helburu duen nazioz azpiko gobernuen koalizioa, batzar nagusia burutuko duena
Regions 4 Eskualdeen aliantza: eskualdeetako gobernuak soilik ordezkatzen dituen sare globala, NBEren agenden, Europar Batasunaren ekimenen eta klima-aldaketari, biodibertsitateari eta garapen jasangarriari buruzko eztabaida globalen aurrean.
Euskadi da Eskualdeen Sarearen presidentea, eta Glasgowko COP aukera bikaina izan daiteke eskualdeek klima-aldaketaren eta iraunkortasunaren aurkako ekintzan duten eginkizuna aldarrikatzeko.
Tapiak aurreratu duenez, "Glasgow inflexio-puntua izatea espero dugu", eta "goi-bilera honetatik atera daitekeen akordioaren inguruan ikusmin handia dagoela” onartu du. Horregatik, Euskadirentzat funtsezkoak diren 3 alderdi finkatu ditu:
- Berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketa bizkortzea.
- Gure lurraldean aldaketak bizkortzea, klima-aldaketaren eragin saihestezinetara ahalik eta hobekien egokitzeko.
- Klimara bideratutako finantzaketa handitzea.
Azken gai horri dagokionez, azpimarratu du Euskadi Next 2021-26 Programak, Eusko Jaurlaritzak diseinatutako inbertsio-programak, hiru foru-aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin koordinatuta, Euskadiren berreskurapenerako, eraldaketarako eta erresilientziarako inbertsioak jasotzen dituela, horietatik %63 energiaren eta klimaren trantsiziora bideratutako neurriekin eta 18.000 milioi eurotik gorako inbertsio-inpaktu osoa ekar lezaketen jarduketen katalogo batekin, europar funtsak, funts publiko propioak eta pribatuak kontutan hartuta.
Jarduera horiekin, jasangarritasunari laguntzeaz gain, energiaren eta klimaren ikuspegitik, ekonomia eta enplegua sortu ahal izango da, euskal industriarentzat aukera ugari irekiz. Horixe da Green Deal Europako Itun Berdearen espiritua. Hazkunde ekonomikoa, enplegua eta ingurumenaren babesa bateratzea, ekonomia lehiakorra bultzatuz.
Tapiak aurreratu duenez, "Klima-aldaketaren aurkako inbertsio publikoen plan propioa amaitzen ari gara, eta, hasiera batean, gure gain hartuko dugu baliabide propioekin: portuetako eta itsasertzeko zonetako jarduketak; uholdeen aurreko erresilientzia-obrak, lurzoruen deskontaminazioa, energia berriztagarriak sortzea, etab. Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen saila prestatzen ari den 2022ko aurrekontuaren arabera, apustu jasangarriaren eta ekintza klimatikoaren bidez industriaren suspertzea eta lehiakortasuna hobetzea lehenetsiko da.
Sailburuak ohartarazi duenez, "Klima-aldaketaren aurkako ekintzak ezin du NEXT funtsen ziurgabetasunaren menpe egon". Eusko Jaurlaritzak aurrera egingo du bere plangintzarekin, eta funtsak iristen badira, inbertsioak bizkortu egingo dira "baina ez gara geldirik egongo zain". "Orain arte ikusitakoak ez gaitu benetako eraldaketa NEXT baliabideetatik iritsiko denik pentsatzera gonbidatzen, ez behintzat orain arte banatzen ari diren bezala", deitoratu du.
“Urban Klima 2050” jardunaldia
Bilboko Euskalduna Jauregiak ‘Urban Klima 2050: eragile anitzeko lankidetza egokitzapena Euskadin finantzatzeko’ izeneko nazioarteko jardunaldia hartuko du ostegun honetan, irailak 30. Bertan, ezagutzera emango dira LIFE Urban Klima 2050 europar proiektuaren aurrerapen nagusiak, berau baita Euskadiko klima-ekintzaren arloko ekimen nagusia datozen urteetarako, 2025era arte.
Ekitaldi hau ASTEKLIMA – Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen bigarren edizioaren jarduera nagusietako bat da. Ekimen hau euskal lurralde osoan egiten da irailaren 24tik urriaren 3ra bitartean.
Halaber, jardunaldia PreCOP26 All4Climate-Italy 2021 bileraren egitarau ofizialaren zati da, hau da, aurtengo urriaren 31tik azaroaren 12ra bitartean Glasgowen egingo den Klimaren Goi Bileraren aurreko ekimenaren zati. Bertan, Eusko Jaurlaritzak berretsi egingo ditu klima-aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko hartuta dituen konpromisoak, Basque Green Dealen jasoak. Berau garapen ekonomiko bidezko eta jasangarrirako eredu bat da, industria eta teknologia palanka nagusitzat hartzen dituena.
Telematikoki era jarraitu ahal izango den topaketa lau saiotan banatzen da; horietan, ordezkari instituzionalek eta klima-aldaketaren alorreko adituek lankidetzan aritzeko beharraz hitz egingo dute, egokitzapena eta jardunbide egokiak bultzatzeari begira; halaber, gobernantzaren eta eragile anitzeko lankidetzaren garrantziaz ere mintzatuko dira.
Jardunaldia inauguratzeaz Arantxa Tapia arduratuko da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua baita, eta berarekin batera egongo dira Eudeleko presidente eta Gasteizko Alkate Gorka Urtaran eta Christian Strasser, Europako Batzordearen LIFE Programaren ordezkaria.
Lehenengo mahai-inguruan, Urban Klima 2050 proiektuaren eredua azalduko da, eragile anitzeko lankidetzaren adibidetzat hartuta. Mahaikideak honako hauek izango dira: Alexander Boto, Ihobeko zuzendaria; María José Sanz, BC3ko zuzendari zientifikoa; Carlos Garbisu, Neikerreko zuzendari zientifikoa; eta Ana Juaristi, Donostiako Udalaren Ingurumen Sailekoa.
Horren ostean, egokitzapenaren kasu praktikoak ezagutuko dira, aditu hauen eskutik: Antonio Aiz, URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia; Amets Jauregizar, Bakioko alkatea; Luis Pedrosa, Tecnaliako Energia eta Ingurumen zuzendaria; eta Guillem Chust, AZTIko klima-aldaketa saileko koordinatzailea.
Jardunaldia bukatzeko, ‘Elkarrekin gure planetaren alde: gobernantza eta maila anitzeko lankidetza egokitze-ekintzaren agenda gidatzeko, inpaktu globalerako’ mahai-ingurua egingo da, nazioarteko ordezkarien parte-hartzearekin, hala nola, Gonzalo Muñoz, COP26rako Klimaren Goi Mailako enbaxadorea; Saleemul Huq, ICCCAD – Klima Aldaketa eta Garapenerako Nazioarteko Zentroaren zuzendaria; Héloïse Chicou, Regions4 – garapen jasangarrirako eskualde-gobernuen sareko Eragimen eta Klima-ekintzaren arloko arduraduna; eta Holger Robrecht, ICLEI - Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Europako zuzendariaren ondokoa.
40 ekintza lurraldearen erresilientzia bermatzeko
LIFE Urban KLIMA 2050 europar proiektua da Euskadik gidatzen duen ekimen handinahiena. Beraren helburua da lurraldearen erresilientzia bermatzea, maila anitzeko gobernantzaren ikuspegi batez, alderi interesatu ugari bilduz, eta klima-ekintza errealitatean aplikatuz. Proiektu handinahi hau 2019an abiatu zen, 20 erakundez osatutako partzuergo handi bati esker eta 19,8 milioi euroko inbertsioaz (Europar Batasunak 10,2 milioi euro finantzatu zituen, hau da, aurrekontuaren % 52). Proiektuaren bazkideek helburu handinahi bat ezarri dute, alegia, 40 ekintza gauzatzea 6 urtean, hiru arlo espezifikotan: kostaldea, ibai-arroak, eta hiri-ingurumariak.
LIFE Urban Klima 2050 proiektuak jarduera pilotuak garatzen ditu EAEko hiru hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz), baita beste lau udalerritan ere: Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarautz. EAEko 7 udal horiek Urban Klima 2050 bultzatzen duen partzuergoaren partaideak dira. Ekimenaren koordinatzailea, berriz, Ihobe sozietate publikoa da, eta haiekin batera aritzen dira Eusko Jaurlaritzako sail batzuk, URA-Uraren Euskal Agentzia, EEE-Energiaren Euskal Erakundea, hiru foru aldundiak eta bost zentro teknologiko eta zientifiko: AZTI, BC3, Tecnalia, Neiker eta Tecnun; eta Naturklima Fundazioa.
2021ra arte egindako aurrerapen nagusiak
LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren helburua da bere lankidetza eta ezarpen-eredua beste eskualde batzuetan erreplikatu ahal izatea. Proiektuak ia bi urtez iraun du orain arte, eta denbora horretan aurrerapen esanguratsuak egin dira beraren alorretan, lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko xedez. Azpimarragarrienak honako hauek dira:
- Olatuen eta mareen efektu konbinatuak Zarauzko itsas frontean sortzen dituen kalteak minimizatzen dituzten alternatibak identifikatzeko txosten diagnostikoa eta ebaluazioa. Gainera, proposamen bat garatu da udalerri horretako itsas pasealekurako.
- Kostaldeko bideometria sistema bat jarri da Igeldo mendian (Donostia), Kontxa eta Ondarreta hondartzak monitorizatzeko.
- Bakioko Estepona ibaian uholde- eta padura-baso bat geroago sortzeko azterlana.
- Natura 2000 Sarearen Arabako esparru babestu batzuen diagnostikoa eta horretara zuzendutako jardueren identifikazioa, zehazki Lantaron eta Bastidan.
- Errekatxulo errekako erriberak hobetzeko ekimenak (Donostia).
- Hiri eta hiri-ingurumariaren alorrean, azpiegitura berdearekin lotutako jarduera gehienak jadanik hasi dira, eta batzuk fase aurreratuan daude, hala nola Artikutza urtegiaren naturalizazioa eta bertoko espeziez egindako landaketa bat, lehendik zeuden Lawson altzifreen ordez, Donostian; halaber, naturan oinarritutako irtenbideen katalogo bat proposatu da Gasteiz hirirako, beste ekimen batzuen artean.
- Panel fotovoltaikoak jarri dira Donostiako 4 puntutan, autokontsumorako.
- Oinezko eta txirrindularientzako bidea egokitzea Urdaibaiko Biosfera Erreserban.
- Mugikortasun elektrikoari buruzko azterlan bat egin da Gasteizko ingurumarirako.
- Lekeition ARMS ekipo bat (Uharriak Gainbegiratzeko Egitura Autonomoak) instalatu da, bentosa –ur-ekosistemen hondoan bizi diren organismoen komunitatea- gainbegiratzeko eta klima-aldaketaren eraginez gertatzen diren aldaketak aztertzeko.
- Tokiko erakundeei laguntzera zuzendutako kudeaketa-tresnen garapena, hala nola berotegi-efektuko gasen isuriak eskualde mailan kalkulatzeko tresna eta klima eta energiari buruzko tokiko planak egiteko gida.