Euskadik 45 eskualdetako gobernuen adierazpen bat gidatzen du Klimaren COP 27n, ekintzara deitzeko eta klima-finantziazioa handitzeko

2022/11/10

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak klimaren arloko nazioarteko bi sare nagusien ekitaldi bateratu batean parte hartu du gaur, Egipton: Regions4 eta Under2 Coalition. 

Ekitaldian, “Regions Adapt” txostena aurkeztu da; bertan, hogeita hamar eskualde inguruk klima-aldaketara egokitzeko gauzatutako 300 ekintza baino gehiago jasotzen dira, horien artean Euskadikoak; ekitaldian nabarmendu dira Life Urban Klimaren aurrerapenak, hots, lurraldeko klima-ekintzaren proiektu handienaren aurrerapenak. 

Nazio Batuen Erakundeak aitortu duenez, Euskadi klima-anbizio handiena duten 22 eskualdeetako bat da, eta, hortaz, COP27n ezagutzera emango da Euskadiko Energia-trantsizio eta Klima-aldaketaren Planarekin eta etorkizuneko Legearekin eraikitzen ari den legegintza-esparrua; baita bere klima-ekintzarako tresnak ere, hala nola Kostaegoki txostena.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok gidatuta, dagoeneko iritsi da Egiptoko Klimaren Goi Bilera-COP27ra,  eta gaur bertan parte hartu du “Eskualdeen Adierazpena” aurkezteko egin den ekitaldi batean, klima eta ingurumenaren arloko nazioarteko bi sare nagusiek antolatuta: Regions4 – Euskadik du bere Presidentzia- eta Under2 Coalition –Euskadi Batzorde Eragilearen partaidea da-.

“Eskualdeen COP27 Adierazpena” 45 eskualdeetako gobernuek eta nazioarteko sareek sinatu dute, eta bertan eskualdeen errebindikazioak jasotzen dira, alegia, klima-ekintza azkartu dadila eta energia- eta klima-trantsizioak beharko duen finantziazioa handitu dadila, “klima-justiziarekin, eta inor ere atzean utzi gabe”, sailburuordeak bere hitzaldian adierazi duen bezala. Halaber, Barredok azpimarratu du estatu azpiko eragileek nazioarteko kontsentsu handietan jotzen duten rol garrantzitsua: “premiazkoa da gobernantzaren ekosistema modernizatzea, eskualdeek aukera izan dezaten honelako goi bileretan ahotsa izateko eta irtenbidearen partaide izateko, jadanik izaten ari garen bezala, estatuek baino are klima-anbizio handiagorekin ere", gaineratu du, eta gogoratu du eskualdeek eta toki-erakundeek aplikatu eta garatzen dituztela arintze-neurrien % 70 eta egokitzapenaren arloko neurrian % 90.

Hain zuzen ere, “Eskualdeen COP27rako Adierazpenaren“ asmoa da eskatzea, lider politiko nagusien artean, eskualde-gobernuek klima-krisiari erantzuterakoan jokatzen duten rol garrantzitsua aitortu dezatela; halaber, klima-aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko premiazko neurriak hartzeko beharra ere azpimarratu dute. Dokumentuan jasotzen den bezala, eskualde sinatzaileek finantziazio handiagoa eta erabakietan parte-hartze handiagoa eskatzen dituzte; eskatzen dute, halaber, "Alderdiek ahalbidetu dezatela estatu azpiko gobernuak erabakiak hartzeko prozesuetan sartzea, baita inplementazio eta monitorizazioan ere, funtsezko gobernu-eragiletzat  hartuta, epe luzerako helburu espezifiko, fidagarri eta handinahiekin”.

Ekitaldia antolatu duten bi nazioarteko sareak oso esanguratsuak dira Euskadirentzat. Regions 4 garapen jasangarriaren aldeko eskualde-gobernuen sarea da, eta 20 urte bete berri ditu, orain Euskadi beraren presidentzian egonda, eta 70 eskualde-gobernu baino gehiago ordezkatuta egonda bere klima-ekintzari, biodibertsitateari eta 2030 Agendari buruzko programetan. Under2 Coalitionek, berriz, mundu osoko 260 gobernu baino gehiago biltzen ditu, 1.750 milioi pertsona eta munduko ekonomiaren % 50 ordezkatuz. Euskadi Under2 Coalition sarearen kidea da beraren sorreratik, eta gaur egun beraren Batzorde Eragilearen partaidea da.

“Regions Adapt” aurrerapen-txostena

Adierazpenaz gain, Regions4 eta Under2 Coalition sareek antolatutako ekitaldian “Regions Adapt 2021-2022 Aurrerapen Txostena” ere aurkeztu da; bertan jasotzen dira klima-aldaketara egokitzera zuzendutako 322 ekintza, 16 herrialdetako 32 eskualdetan –horien  artean Euskadi- gauzatuak. Regions Adapt eskualde-gobernuen lehenengo ekimen globala da plangintza egiteko, ekintza konkretuak abiatzeko, lankidetzan aritzeko eta klima-aldaketarako egokitzapenaren arloen egindako aurrerapenez informatzeko.  2015ean abiatu zen, Parisko COP21en, eta gaur egun bost kontinentetako 70 eskualdek baino gehiagok parte hartzen dute beraren ekimenetan, inpaktua gutxi gorabehera 300 milioi pertsonengan izanik.

Azken bi urteetan, txostenaren arabera, klima-aldaketaren 177 inpaktu jaso dira, eta horien artean bost dira gehien errepikatzen direnak: lehortea eta estres hidrikoa; estres termikoa eta muturreko beroa; prezipitazio larriak eta uholdeak; itsas mailaren igoera eta kostaldeko uholdeak; eta kostaldeko higadura.

Hala eta guztiz ere, eskualdeak jadanik ari dira lanean egoera horri aurre egiteko, klima-aldaketaren efektu negatiboetara egokitzeko neurrien bitartez. 2021-2022 aldian, RegionsAdapteko eskualdeen % 72k egokitzapen-plana abiatu du, % 19 aurrera egiten ari da, eta % 9k garatu gabe du oraindik ere plan hori. Guztira, eskualdeen % 71k gutxienez egokitzapen-helburu bat du, eta % 31ek helburu kuantifikagarriak ditu, edo jarraipen-esparru bat.

Regions Adapt 2021-2022 Aurrerapen Txostenak mundu osoan inplementatzen ari diren eskualde-ekintza nabarmenetako batzuk ere jasotzen ditu. Horien artean, itsas maila Euskadin igotzeko arriskuaren azterketa bat. “Euskal biztanleriaren % 55 baino gehiago kostaldean bizi da, eta, hortaz, eremu horiek klima-aldaketara egokitzea LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren lehentasunetako bat da, azaldu du Barredo sailburuordeak. “Bideo-zaintzako eta iragarpen meteorologikoko sistemak ezarri dira arriskuak kostaldean prebenitzeko eta informazio berriak arriskuen prebentziorako planetan integratzeko. Ekimen honek barne hartzen du Zarautzen gauzatzen ari den proiektu pilotu bat, bertako itsas pasealekuan zentratua, helburutzat duena olatuen eta mareen efektu konbinatuaren inpaktuak murriztea. 2021ean, Zarauzko hondartzako eremu zurrunetan jarduteko alternatibei buruzko azterlan bat egin zen, eta bigarren ekimen bat abiatu da klima-aldaketak azpiegitura energetikoetan duen inpaktua aztertzeko”, azpimarratu du.

COP27ko Agenda

Klimaren Goi Bilera-COP27 azaroaren 18ra arte egingo da Egiptoko Sharm El Sheikh hirian, baina euskal ordezkaritzak aurreikusita du hilaren 14an etxera itzultzea. Bere egonaldian, ordezkaritzak zenbait ekitalditan parte hartuko du eta alde biko bilerak izango ditu Euskadirentzat erreferentziazkoak diren eskualde-gobernuekin eta nazioarteko erakundeekin, hala nola, Quebec, Jalisco, Flandes, Hegoaldeko Kalifornia Behera eta Lonbardiako gobernuekin, eta Europako Eskualdeen Batzarra eta Europako Eskualdeen Lantaldea erakundeekin.  

Nazio Batuen Erakundeak aitortu duenez, Euskadi klima-anbizio handiena duten 22 eskualdeetako bat da, eta, hortaz, COP27n ezagutzera emango du Euskadiko Energia-trantsizio eta Klima-aldaketaren Planarekin eta etorkizuneko Legearekin eraikitzen ari den legegintza-esparrua; baita bere klima-ekintzarako tresnak ere, hala nola Kostaegoki txostena, euskal kostaldeak klima-aldaketaren aurrean dituen kalteberatasuna, arriskua eta egokitzapena aztertzen dituena, beste batzuen artean.

Eskualdeetako Gobernuen COP27rako Adierazpenerako esteka

Regions Adapt 2021-2022 Aurrerapen Txostenerako esteka