Euskadik % 13 murriztu du bere karbono-aztarna hamarkada batean
2025/7/24
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Euskadiren karbono-aztarnari buruzko lehen txostena aurkeztu du. Karbono-aztarna da, hain zuzen, eskualdean ondasun eta zerbitzuen eskariak sortutako berotegi-efektuko gasen emisioak neurtzeko funtsezko adierazle bat.
Azterlanak ikuspegi zehatza ematen du Euskadiko etxeen, administrazio publikoen eta inbertsioen kontsumoari lotutako 2010-2021 aldiko emisioen inguruan.
Eskualde baten karbono-aztarna ingurumen-adierazle bat da, ondasun eta zerbitzuen azken eskaera asetzeko mundu osoan sortutako berotegi-efektuko gasen emisioak neurtzen dituena, emisio horiek non sortzen diren kontuan hartu gabe (kontsumo pribatua, kontsumo publikoa eta inbertsioa).
Aurkeztutako txostenaren arabera, Euskadiren karbono-aztarna 2019an biztanleko 10,4 tona CO2 baliokide izan zen, Europako batez bestekoa (10,9) baino pixka bat txikiagoa. Neurri horrek euskal herritarren eguneroko jarduerek duten ingurumen-inpaktua islatzen du. Zifra horretatik, 7,8 tona CO2 baliokide etxeen kontsumoari dagozkio, eta garraioa, elikagaiak eta etxebizitza nabarmentzen dira emisio-iturri nagusitzat.
Euskadiren karbono-aztarna 10,4 tona CO2 da pertsonako, Europako batez bestekoa baino pixka bat txikiagoa.
Garraioak etxeen karbono-aztarnaren % 31 hartzen du, ibilgailu pribatuen erabileratik eratorritako 1,8 tona CO2 baliokidekin. Elikagaiek eta edariek emisioen % 27 eragiten dute, eta etxebizitzak, energia-kontsumoa eta mantentze-lanak barne, emisio guztien % 18 hartzen du.
Ingurumen-adierazle honen analisia 2010-2021 aldirako egin da. Hala ere, 2019ko emaitzak hartu dira erreferentziatzat egungo egoera ebaluatzeko azken urte adierazgarri gisa, COVID-19aren pandemiari lotutako konfinamenduak eta murrizketek azken bi urteetako kontsumo-emisioak “nahiko anomalotzat” jotzera eraman baitute.
Aztarna % 13 murriztu zen 2010-2021 aldian
Ildo horretatik, nabarmendu behar da aztarna % 13 murriztu dela 2010-2021 aldian, eta horrek agerian uzten du Euskadi erantzule den emisio guztiak murriztu direla, bai barruan, bai kanpoan, eta, era berean, karbono-aztarnaren eta jarduera ekonomikoaren arteko desakoplamendu bat izan dela, 2010 eta 2021 artean Euskadiko BPGa % 17 hazi baitzen..
Euskadiren karbono-aztarnak agerian uzten du kontsumoari lotutako emisioak Euskadin lurraldeko emisioak baino handiagoak direla, eta horrek aditzera ematen du eskualdea emisioen inportatzaile garbia dela. 2019an, kontsumoaren emisioak euskal lurraldean sortutako emisioak baino % 33 handiagoak izan ziren, eta EAEko inbentarioko emisioak baino % 15 eta % 30 artean handiagoak (Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako emisioak eta kanpoan jatorria duen elektrizitatearenak barne).
Euskadi da Eurostat metodologiaren arabera karbono-aztarna neurtzen duen Estatuko lehen eskualdea
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak txosten honen garrantzia azpimarratu du ingurumen-politiketan erabakiak hartzeko. “Gure eguneroko jardueraren karbono-aztarna zein den jakitea da hura murrizteko eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko lehen urratsa. Informazio horrek gure jardueren inpaktua hobeto ulertzeko aukera ematen digu, eta funtsezko tresna bat eskaintzen digu emisioak murrizteko estrategiak diseinatzeko eta ekonomia jasangarriago baterantz aurrera egiteko”, adierazi du sailburuak.
Txostenaren amaieran, Euskadin karbono-aztarna murrizteko gomendioak ematen dira, emisioen jatorriaren arabera. Garraioarekin lotuta, “karbono-aztarnari dagokionez kontsumo-kategoria garrantzitsuena” dela adierazi du, eta ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea edo hegazkinaren erabilera arrazionalagoa egitea gomendatzen du.
Kontsumo-ondasunen aztarnari dagokionez, proposatzen du garraio laburragoa behar duten produktuen kontsumoa sustatzea, hau da, hornidura-kate hurbilagoetan eta laburragoetan ekoitzitakoena, salgaien errepideko garraioari lotutako aztarna murrizteko.
Elikagaien arloan, elikagaiak alferrik ez galtzeko eta dieta osasungarria sustatzeko neurrien alde egiten du. Etxebizitzari dagokionez, eraikinen energia-efizientzia sustatuko duten politikak proposatzen ditu, baita dagoeneko eraikita dagoen parkearen erabilera eta aprobetxamendu handiagoa sustatuko dutenak eta etxebizitza berriak eraikitzea saihestuko dutenak ere. Izan ere, horrek ingurumen-onurak ekarriko ditu, ez bakarrik lurzoru naturalak kontserbatzeagatik, baizik eta materialen kontsumoa eta energia-kontsumoa murrizteagatik ere.
“Euskadiren karbono-aztarna lehen aldiz argitaratzea mugarri bat da Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoan, eta urrats esanguratsua da euskal gizartea kontzientziatzeko eta ekintza klimatikoan inplikatzeko”, esan du Mikel Jauregik amaitzeko.
Herrialde baten karbono-aztarna neurtzearen abantailak
- Emisio-iturriak identifikatzea: Berotegi-efektuko gasen emisio-iturri nagusiak identifikatzeko aukera ematen du, eta horrek emisioak murrizteko estrategia espezifikoak diseinatzen laguntzen du.
- Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa: Gure jardueren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio argia ematen du, klima-aldaketan nola laguntzen dugun ulertzen laguntzeko.
- Jomugak ezartzea: Emisioak murrizteko jomugak ezartzen laguntzen du, bai maila indibidualean, bai nazionalean, eta jomuga horietaranzko aurrerapenaren jarraipena egiten ere.
- Politika eta erabaki informatuak: Datu zehatzetan oinarritutako politikak eta erabakiak sortzeari buruzko informazioa ematen du, jardunbide jasangarriak eta energia berriztagarrietaranzko trantsizioa sustatuta.
- Kontzientzia eta hezkuntza: Emisioak murriztearen garrantziari buruzko kontzientzia areagotzen du eta herritarrak jardunbide jasangarriagoen inguruan hezten ditu.

