Euskadi klima-aldaketaren ondorioen kontra portuak indartzeko ekintzak aztertzen ari da
2024/12/05
Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak eta AZTIk portuen jokaera hobetzeko babes eta egokitzapen neurriak eta zeharkako ekintzak proposatu dituzte. Azterlana CINEAk onartutako LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren II. faseari dagokio.
Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak eta AZTIk klima-aldaketaren kontra euskal portuen babesa indartzeko hainbat neurri proposatu dituzte LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan egindako txosten batean, C.6.2 Portuak moldatzea ekintzaren barruan. Azterketa 2024ko irailean CINEAk (European Climate, Infrastructure and Environment Executive Agency) onartutako proiektuaren bigarren fasean egin da.
Azterlanean euskal portuek itsasoaren eraginaren aurkako hesi natural gisa duten garrantzia nabarmentzen da; gehienak hiriguneetan daude. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak hormak eta olatu-horma bezalako egiturak mantendu eta indartu ditu, Kostaegokik egindako kostaldeko arriskuaren diagnostikoaren arabera. Hala ere, itsas maila igotzea eta klima-aldaketaren beste ondorio batzuk aurreikusten dira, eta horregatik 2050etik aurrera neurri horiek ez direla nahikoak izango adierazten du txostenak. Beraz, portu-eremu horien segurtasuna eta funtzionaltasuna etorkizunean zaintzeko egokitzapen ekintza berriak proposatzen ditu.
Portuen erresilientzia indartzeko hamar ekintza
Txostenean hamar ekintza-ildo proposatzen dira, hiru kategoriatan banatuta: babesa, egokitzapena eta zeharkako ekintzak. Babes-ekintzak kostaldea babesteko egiturak mantentzea eta eraikitzea, hala nola dikeak eta olatu-hormak, eta portuetatik gertu dauden hondartzak eta hezeguneak kontserbatzea dira. Egokitzapen neurriei dagokienez, uholdeetarako alerta goiztiarreko sistemak jartzea proposatzen da, eta dauden azpiegiturak egokitzea itsas mailaren igoeraren aurka indartsuagoak bihurtzeko. Horretarako, zenbait egitura altuago egingo dira eta ura hobeto jasaten duten materialak erabiliko dira.
Gainera, portuen jokaera hobetzeko zeharkako bost ekintza-ildo zehazten ditu txostenak. Horien artean hauek daude: portu estrategikoetan bideozaintza sistemak eta mareografoak ezartzea, herritarrei kostaldeko arriskuak irakastea eta horretaz kontzientziatzea, eta egokitzapen metodologia eta tresna berriak garatzeko ikerketa sustatzea. Halaber, kostaldeko eremuak batera kudeatzeko beharra aipatzen da, datozen urteetako egokitzapen neurriak modu eraginkorrean koordinatu ahal izateko.
Hurrengo 10 urteetarako plangintza
Txostenak dioenez, uholde-arriskua duten eremuak hemendik bost edo hamar urtera berrikusi beharko lirateke, eta edozein esku-hartze aprobetxatu beharko litzateke eremu kalteberenak hobeto babesteko. Esaterako, zelaiguneak igo eta portuetan banatzeko elementuak jar litezke. Proposatutako neurriak portu eta hiri eremuak babesteko ez ezik, ingurune horiek 2100era arte klima-aldaketaren ondorioei modu jasangarrian aurre egin ahal izango dietela ziurtatzeko ere badira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, C.6.2 ekintzako Portuak moldatzea EAEko portuetatik hurbil dauden hiri-inguruneen babesa hobetzeko ekintza-proposamenak dokumentua deskarga dezakezu.