Euskadi klima-aldaketaren aurrean kostaldea egokitzeko adibide izan da Regions4Climate-n

2024/11/22

Europar proiektuak artikulu batean “proiektu eraldatzaileak” nabarmendu ditu, hala nola LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua edo Plaiaundiko San Lorentzo zingiraren lehengoratzea.

Euskadi klima-aldaketara egokitzeko erreferentzia gisa nabarmendu du Regions4Climate Europar proiektuak. Proiektu horrek "Euskadi eta klima-egokitzapena: kostaldea babesteko erantzun integrala" artikuluan, lurraldeko kostaldea klima-aldaketaren ondorioetatik babesteko egin diren ekintzak nabarmendu ditu. 

Artikuluan azaltzen denez, euskal biztanleriaren % 75 kostaldeko eremuetan bizi da, eta beraz, Euskadik hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola itsas mailaren igoerari eta olatuen areagotzeari. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Klimara Egokitzeko Euskal Misioa bultzatzen du, Klimara Egokitzeko Europar Misioarekin bat datorrena, beste lurralde batzuetan errepika daitezkeen konponbide klimatiko eraginkorrak garatzeko asmoz. 

Testuinguru horretan, Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, funtsezko zeregina du, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua bezalako ekimenak zuzenduz eta Regions4Climateproiektuan parte hartuz. Mari Mar Alonso Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendariak azaldu duenez, “proiektu horietan parte hartzeak aukera ematen digu klimara egokitzeko finantzaketa tresnak identifikatzeko, diseinatzeko eta erabiltzeko. Euskal lurraldearen behar espezifikoak asetzeko lan egiten dugu, eta, aldi berean, naturan oinarritutako egokitzapen neurriak sustatzen ditugu”.

Lan ildo horren adibide nabarmenetako bat Plaiaundiko San Lorentzo zingira lehengoratzea da. Ekintza hori Regions4Climate proiektuaren barne garatzen ari da, eta helburu hauek ditu: biodibertsitatea hobetzea, uholdeak moteltzea eta karbono urdina harrapatzea. Mari Mar Alonsoren iritziz, horrelako ekimenek eredu moldagarriak garatzea ahalbidetzen dute, antzeko arazoak dituzten beste eskualde batzuetan ezartzeko. 

Gainera, proiektuak herritarren parte-hartzea azpimarratzen du. Alonsok esan duenez: “Funtsezkoa da erabaki-prozesuen hasieratik zuzenean kaltetutako herritarrak inplikatzea, etorkizun erresiliente bat eraikitzeko alderdi aktibo izan daitezen”.

Zentzu horretan, Eva Montoyak, Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak, San Lorentzo zingira bezalako proiektuetan sentsibilizazio publikoak duen garrantzia azpimarratu du. Plaiaundiko ingurumen zentro horretan ingurumen hezkuntzako programa bat garatzen ari da, klima-egokitzapena Bidasoa eskualdeko herritarrei hurbiltzeko. “Horrelako jarduerei esker, klima-aldaketa arintzeko egin behar diren ekintzak beste ikuspegi batetik uler ditzakegu,” esan du Montoyak.