Europan uholde-arriskuaren kudeaketa hobetzeko deia egin du Europako Batzordeak
2021/02/26
Europar Batasuneko estatu kideek uholde-arriskua murrizteko neurri egokiak hartzeko obligazioa dute. Hala xedatzen du Uholdeei buruzko EBren Zuzentarauak, zeinak eskatzen baitu ur-ibilguak eta kosta-lerroak ebaluatzea; uholdeen hedapenaren eta zona horietan arriskuan dauden pertsonen eta ondasunen kartografia egitea, eta uholde-arrisku hori murrizteko neurri egokiak eta koordinatuak hartzea.
Hala ere, Europako Batzordeak uste du badela garaia Europan uholde-arriskua kudeatzeko errezeta berri bat egiteko; horiek horrela, estatu-kideek uholde-arriskua kudeatzeko planak ezarri beharko dituztela xedatu du. Planen bigarren zikloa 2021erako aurreikusita dago. Wetlands Internationalek bat egiten du Europako Batzordeak egin duen deiarekin, zeinaren bidez plan berri horietan azpiegitura berdeari edo uholdeak kudeatzeko neurri naturalei arreta handiagoa jartzeko eskatu duen.
Txosten horren bidez, Wetlands Internationalek gomendioak ematen dizkie estatu kideei, naturan oinarritutako konponbideetan eta azpiegitura berdeko neurrietan zentratu daitezen. Era berean, naturan funtsatutako konponbideei buruzko ezagutzak eta kasuen azterketak eskaintzen dituzten plataforma batzuk zerrendatu dira. Halaber, dokumentuak azaltzen du zergatik estatu kideek ez dituzten errezeta zaharrak aplikatu behar, hala nola azpiegitura griseko obra handiak. Azpiegitura tradizionalekin alderatuta, naturan oinarritutako irtenbideek lanpostu gehiago sortzen dituzte inbertitzen den euro bakoitzeko, ez dira hain garestiak, azkarrago aplikatzen dira, karbono-aztarna txikiagoa uzten dute eta jasangarriagoak dira epe luzera.