Europako RegionsAdapt ekimenak Urban Klima 2050-en jardun batzuk eta Euskadin egindako kostaldeko arriskuaren azterketa nabarmentzen ditu

2023/04/20

Europako RegionsAdapt ekimenaren 2021-2022 aldiko aurrerapen-txostenak adibide gisa jartzen du olatuen eragina monitorizatzeko eta euskal kostaldea klima-aldaketara egokitzeko bideometria- eta alerta-sistema goiztiarrak instalatzea, baita Zarauzko malekoia egokitzeko aukeren azterketa ere.

 

Regions4 eskualdeetako gobernuen nazioarteko sarekoa den Europako RegionsAdapt ekimenak klima-egokitzearen arloko anbizioa eta ekintza mobilizatzen ditu, eta mundu osoan eskualdeko azken berrikuntza, tresna eta jardunbide egokienak eskura jartzen ditu. 2021-2022 aldirako aurrerapen-txostenean adierazten du Euskadi dela kostaldea klima-aldaketara egokitzeko lehentasun gisa identifikatu duen lurraldea, eta klima-aldaketak eragindako itsas mailaren igoerara egokitzeko martxan dituen ekintzak nabarmentzen ditu.

“Eskualdeak ekinean: itsas mailaren igoerarako prestaketa euskal kostaldean” izenburupean, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak hiriguneetan abiarazitako jarduerak jarri dira adibide gisa. Jarduera horien bidez, “bideometria- eta iragarpen- eta alerta-sistemak ezartzen dira, kostaldean arriskuak saihesteko eta informazio berria arriskuen prebentziorako planetan txertatzeko”. Gainera, txostenak “Zarauzko hondartzan ingurune zurrunetan jarduteko aukeren azterketa” aipatzen du. 2021ean egin zen, eta “itsas pasealekuan zentratu zen, olatuen eta mareen efektu konbinatuaren inpaktuak murrizteko helburuarekin”; halaber, “klima-aldaketak energia-azpiegituretan duen eragina aztertzeko bigarren ekimen bat” aipatzen du.

Bestalde, txostenean Ihobek egindako Kostaegoki proiektua nabarmentzen da, erakunde eskudunek informazio eta tresna garrantzitsuak izan ditzaten, klima-aldaketak eragindako itsasoaren batez besteko mailaren igoeraren ondorioei eta olatuek euskal kostan duten eraginari dagokienez, eta kostaldeen plangintzan eta kudeaketan haiek erabiltzeak fenomeno global horren erronkei aurre egiteko aukera eman dezan. Proiektu horrekin batera, bisore kartografiko bat ere badago (https://gis.ihobe.eus/kostaegoki/), eta, hari esker, hainbat agertokitako uholde-orbanak eta egindako arrisku-azterketen emaitzak ikusi ahal izango dira.