Europako ekosistemak lehengoratzeko kontsulta publikoa jarri du abian Europako Batzordeak

2021/02/25

Europan kaltetutako ekosistemak leheneratzeak biodibertsitatea areagotzen, aldaketa klimatikoa arintzen eta hondamendi naturalen inpaktuak prebenitzen eta murrizten lagunduko du. Europar Batasunaren Biodibertsitate Estrategiaren eta Europako Akordio Berdearen funtsezko elementuetako bat da. Helburu hori lortzeko asmoz, Europako Batzordeak kontsulta publiko bat jarri du abian. Horren bidez, inpaktua ebaluatuko da, Europar Batasuneko natura lehengoratzeko helburuen garapena sustatzeko, bai eta ingurumenean, gizartean eta ekonomian izan ditzakeen eraginak ebaluatzeko ere. Publikoaren eta alderdi interesdunen ikuspuntuak eta ideiak inpaktua ebaluatzeko erabiliko dira eta 2021. urtearen amaieran aurkeztuko dira.

Kontsulta honetan erakunde publiko eta pribatu guztiek nahiz interesa duten norbanako guztiek parte har dezakete, apirilaren 5era arte. Bereziki baloratuko dira biodibertsitatea kudeatzeko, leheneratzeko eta babesteko lanetan aritzen diren erakundeen eta pertsonen iritziak, eta EBren biodibertsitate-arloko politikaren alderdien eragina jasaten dutenena, besteak beste: administrazioaren maila guztiak eta kudeaketa-agintariak, gobernuz kanpoko erakundeak, esparru akademikoa, aholkularitza, lursailen kudeatzaileak, planifikatzaileak eta sustatzaileak, industria, enpresak eta finantza-sektoreko ordezkariak.

Kontsulta honen helburua da alderdi interesdunen eta, oro har, herritarren eskutik informazioa eta iruzkinak biltzea, Biodibertsitateari buruzko EBren 2020ra arteko Estrategiaren aplikazioari buruz, eta espezie exotiko inbaditzaileei buruzko EBren Erregelamenduaren aplikazioari buruz. Horrez gain, Europar Batasuneko natura leheneratzeko helburu lotesleei buruz Batzordeak egingo duen proposamenak oinarri izango duen inpaktu-ebaluazioaren berri ematea izango du xede kontsultak.

Ildo horretatik, Ingurumen, Ozeano eta Arrantza komisarioak, Virginijus Sinkevičius-ek, zera gogorarazi du: “Gizakiaren jardueren ondorioz, azken hamarkadetan nabarmen aldatu dira lurren hiru laurden eta ozeanoen bi heren; ondorioz, bizitzari laguntzeko gure sistema naturalak eta gure klima ezegonkortu egin dira. Ekosistema naturalak leheneratzeak garaipen hirukoitza dakar naturarentzat, klimarentzat eta pertsonentzat. Biodibertsitatearen krisia konpontzeko, klima-aldaketari aurre egiteko eta etorkizuneko pandemien arriskuak murrizteko lagungarria izango da. Era berean, susperraldia bultza dezake pandemia osteko mundu batean, lanpostuak sortuz eta hazkunde jasangarria sustatuz”.