2024/9/16:
Europako Batzordeak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren II. faseko jardueren txostena onartu du
CINEAk (European Climate, Infrastructure and Environment Executive Agency) 2022 eta 2023 artean LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan egindako ekintzak zehazten dituen txostena onartu du.
CINEAk nabarmendu duenez, aurkeztutako txostenak Urban Klima 2050en bigarren fase horretan aurrerapen esanguratsuak egin direla erakusten du. Egindako lanek proiektuaren helburuak lortzen laguntzen dute, hau da, trantsizio energetikoa eta klimatikoa bultzatzen eta euskal lurraldearen erresilientzia lortzen.
Lanak in situ ezagutzeko bisita
Joan den otsailean, CINEAko Project Officerrek eta ELMEN monitoreak (LIFE programaren laguntza teknikoa), egindako aurrerapenak aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuten, Araban bi egunez egindako bisitan. Bertan, informazio-saio bat egin zen, non proiektuko bazkideek 2022-2023 aldian egindako aurrerapenak azaldu zituzten. Gainera, Gasteizen egindako zenbait lan ere bisitatu ahal izan zuten.

