Europako Batzordeak Klima Aldaketara Egokitzeko Misioaren ataria sortu du
2023/05/15
- Plataforma berriak kalteberatasunari eta arrisku klimatikoei buruzko informazioa, datuak eta tresnak eskaintzen ditu, eskualdeek eta herriek erabil ditzaten.
EBren Klima Aldaketara Egokitzeko Misioa eskualdeei eta komunitateei laguntzeko sortu da, hemendik 2030era bitartean klima-erresilientziarako eraldaketa bizkortzeko. Horretarako, klima-arriskuak hobeto ulertzen, prestatzen eta kudeatzen laguntzen die eskualde eta agintari horiei, bai eta erresilientzia handitzeko konponbide berritzaileak garatzen ere.
Orain, helburu horiek bultzatzeko, Europako Batzordeak Klimara Egokitzeko Europako Plataforman (Climate-ADAPT) atari berri bat sortu du. Atari horretan, informazioa, datuak, ekitaldiak eta eskualdeetako eta herrietako agintariek laguntza teknikoa online jasotzeko gunea eskaintzen da.
Tresna berriari esker, eskualdeetako eta herrietako agintariek erraz eskura ditzakete kontuan hartu beharreko kalteberatasunari eta klima-arriskuei buruzko datu garrantzitsuak. Fenomeno horiek jada eragina izaten ari dira Europan, hala nola, bero-boladak, lehorteak, baso-suteak edo itsas mailaren igoerak eragindako kostaldeko higadura. Gainera, Egokitzapenari Laguntzeko Eskualdeko Tresnaren bidez (laster izango da eskuragarri), agintariek informazio praktikoa lortu ahal izango dute klima-aldaketara egokitzeko planen garapenaren fase bakoitzerako.
Atari hori EBko Egokitzapen Misioaren Praktiken Komunitatea izeneko online gune batekin ere lotzen da. Bertan, Misioaren Gutunaren sinatzaileak, Misioaren Lagunak eta klima-aldaketara egokitzeko eskumena duten agintariak sar daitezke. Bertan, eskualdeetako eta herrietako agintariek laguntza teknikoa jaso dezakete klima-egokitzapenerako plangintza-prozesuak garatzeko eta finantzatzeko; erakusketa-proiektuak zehazteko eta finantzatzeko; eta klima-aldaketara egokitzeko interesa duten herritarrak eta alderdiak mobilizatu eta inplikatzeko.
Regions4Climate, lankidetza-eredua
Egokitzeko Misioaren barruan finantzatutako proiektuen artean, Regions4Climate nabarmentzen da. Proiektu horrek Europako 12 eskualde hartzen ditu bere baitan —horien artean, Euskadi—, eta sozialki bidezkoa den klima-erresilientziarako trantsizioa elkarlanean garatu eta frogatu nahi du.
Euskadiren kasuan, Txingudiko badiako Plaiaundiko marearteko eremu narriatuak guztiz leheneratzeko proiektu pilotua dago, kostaldeak klima-aldaketaren aurrean duen erresilientzia handitzeko. Proiektuan hauek hartzen dute parte: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak, Ihobek eta Tecnalia eta Azti zentro teknologikoek, guztiak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bazkide. Hauetako hainbat bazkide dagoeneko elkarlanean ari izan dira. Eta horrek, Regions4Climate proiektuan parte hartzea erraztu du.
Hain zuzen ere, Urban Klima 2050, erakundeen eta eragileen arteko lankidetzaren eredu bihurtu da. Proiektuak euskal lurraldea eraldatuko du, klima-aldaketara egokitzeko 40 ekintza garatuz eta 20 erakunderen partaidetzarekin; horien artean, Eusko Jaurlaritzako zenbait sail, hiru foru-aldundiak, zazpi udalerri (Bakio, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gernika, Gasteiz eta Zarautz), bost zentro teknologiko eta Naturklima fundazioa.