Etorkizuneko euskal ekolider gazteek Urban Klima 2050 proiektua ezagutu dute
2021/10/25
- Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handieneko arduradunek parte hartu dute Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sustatutako ‘Gazte Ekoliderrak’ programaren barruan dagoen “Klima Larrialdia” saioan, Urban Klima 2050 aurkezteko eta klima-ekintzaren gako batzuk gazte jendeari hurbiltzeko.
Ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako gazteria funtsezkoa da klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko. Horrela ikusten dute 'Gazte Ekoliderrak' programan: Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak bultzatutako programa berritzailea, gazteak jasangarritasunean eta lidergoan prestatzea helburu duena.
Hainbat prestakuntza-saioren bidez, parte-hartzaileak ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloetako hainbat gaitara hurbilduko dira, besteak beste klima-aldaketara. Ildo horretatik, LIFE Urban Klima 2050ek urriaren 21ean klima-larrialdiari buruz egindako jardunaldian parte hartu du.
Dafne Mazok –Ihobeko Klima-ekintzaren Areako proiektuen teknikariak– aurkeztu du Euskadiren klima-ekintzarako proiekturik handiena. Aurkezpenaren hasieran, Mazok datu batzuk eman ditu Ihobek landutako Klima Aldaketa eta Energia. Biztanleek energiari eta klima-aldaketari buruz duten pertzepzioa azterketan oinarrituta: inkesta egindako 18 eta 29 urte bitarteko herritarren % 89k uste du klima-aldaketa arazo garrantzitsua dela eta aurre egin behar zaiola.
Gainera, parte-hartzaileak hurbildu dira Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko hedatutako KLIMA 2050 Estrategiara, eta LIFE Urban Klima proiektuaren gakoak ezagutu dituzte. Proiektu horrek euskal lurraldea eraldatuko du, klima-aldaketa arintzeko eta hartara moldatzeko 40 ekintza koordinatuz 2019-2025 aldian.
Aurkezpenean, Ihobeko teknikariak gaur egun lantzen ari diren proiektu pilotu batzuk azaldu ditu; besteak beste, Vitoria-Gasteizen garatutako naturan oinarritutako konponbideen aplikazioa; eta azpiegitura berdeak hobetzea, hala nola Tonpoiko (Bermeo) eremua berreskuratzea, Aramangelu/Basaldea (Gasteiz) parke agroekologikoa, Oberan (Gipuzkoa) mendiaren basoberritzea edo Artikutzako presa-eremuaren naturalizazioa (Gipuzkoa).
Azkenik, Urban Klima 2050 proiektutik harago, klima-aldaketaren erronka herritarrei hurbiltzea helburu duten ekintzak aurkeztu dira, hala nola ASTEKLIMA programa (haren bigarren edizioa berriki egin da) edo klima-aldaketari aurre egiteko 52 keinuen argitalpena.
Aurkezpenaren ondoren, parte-hartzaile gazteek aukera izan zuten klima-aldaketaren efektuak minimizatzeko jarduketa zehatzei buruzko galderak eta gogoetak egiteko, hala nola Zarauzko malekoian egingo dena; edo gai orokorragoei buruz, hala nola hezkuntza-sektorearen, industria-sektorearen edo erakundeen inplikazioaren beharra klima-ekintza eta jasangarritasuna bezalako gai garrantzitsuetan. Amaitzeko, parte-hartzaileek klima-aldaketari buruzko kontzientziazioak duen garrantziaz eta bizi- eta kontsumo-ohiturak aldatzeko beharraz eztabaidatu zuten.