Espezie inbaditzaileen sastraka garbiketa eta kontrola Oberan mendian

2024/09/11

2021ean eta 2022an espezie autoktonoak birpopulatzeko egindako lanen ondoren, Donostiako Udalak uda honetan ere inguru horretan atzemandako espezie inbaditzaileen aleak erauzi ditu.

Batez ere, fitolakaren (Phytolacca americcana) aleak atera dira errotik, eta, neurri txikiagoan, budleiarenak (Buddleja davidii) eta panpa-lezkarenak (Cortaderia selloana). Lanak arreta handiz egin dira birpopulatzeetan landatutako zuhaitzak ez kaltetzeko (haritzak, haltzak, urkiak eta lizarrak gehienbat).

Gainera, aurrez moztutako espezie exotikoen ale gazteak ere kendu dira berriro hazi diren eremuetan. Zehazki, Lawson altzifrea, eremuaren goialdean, eta haritz amerikarra, behealdean. Azkenik, haritz amerikarraren motzondoetan zeuden kimuak ere garbitu dira.

Lursail horiek Donostiako Udalarenak dira esklusiboki, eta Aiako Harriko Parke Naturalaren (ES20120016) eta Natura 2000 Sarearen barruan daude.

Ekimen hau C4.2 ekintzaren barruan kokatzen da: Hiri- eta landa-eremuen arteko lotura eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea.