Erdi Aroko Hirigunea eta zenbait eskola-patio naturalizatzeko lehen urratsak eman ditu Gasteizek

2023/07/28

Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak azpiegitura berdeko hainbat ekintza jarri ditu martxan hirian, alde batetik klima-aldaketara egokitzen laguntzeko eta bestetik, herritarrak partaide egiteko.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Erdi Aroko hirigunea eta eskola-patioak naturan oinarritutako konponbideekin naturalizatzeko prozesuak babesten ditu. Horretarako, konponbideak inplementatu aurreko eta ondorengo egoeren ereduak egiten ditu, haien eraginkortasuna aurreikusteko.

Gasteizek aurrera jarraitzen du klima-aldaketara eta haren ondorioetara egokitzeko bidean. Arabako hiriburuan martxan jarri diren ekimenen artean, Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez (IGI), Erdi Aroko hirigunea eta zenbait eskola-patio naturalizatzeko prozesuari ekin dio. Jarduera horiek Gasteizko Hiri Estrategia Berdearekin eta klima politikekin bat datoz.

Gainera, ezarri ahal diren konponbide onenak baloratzeko egiten diren ereduak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barne daude. Zehazki, Tecnaliak Erdi Aroko Hiriguneko Correría kalea eta Harategietako Kantoia elkartzen diren puntuko erosotasun termikoaren modelizazioa egingo du; eta baita Luis Elejalde/Rogelia de Álvaro ikastetxe publikoko patioko erosotasun termikoaren eta azaleko isurketen hobekuntzaren modelizazioa ere egingo du, haiek eraldatzeko asmoz.

IGIk jarduera hauek jarri ditu martxan orain arte:

Eskoletako jolastokiak naturalizatzea

2022an, IGIk ikastetxeetako hiru patio naturan oinarritutako konponbideen bidez aldatu ditu, klima-aldaketara egokitzeko, natura-gelak sortzeko eta barneratzaileagoak egiteko. Egokitzapen horretan, jasangarritasun-, inklusibitate- eta hezkidetza-irizpideak sartu dira, Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko guztietara zabaltzeko asmoz.

Helburuak:

Erdi Aroko hirigunea naturalizatzea

Era berean, hiriko Erdi Aroko Hirigunea naturalizatzeko prozesuaren lehen urratsak eman dira. Hasierako lan horretan, hurrengo urteetan azpiegitura berdeko ekintzak egiteko aukera dagoela ikusi da.

Helburuak:

Egoeraren azterketa eta baldintzatzaileen azterketa teknikoa egin ondoren, naturalizatu daitezkeen 55 espazio ezarri dira: kantoiak, plazak, kaleak eta kale-zatiak, jarduera duten fatxadak, jarduerarik gabeko itxitura eta fatxadak, espazio txikiak, erabilera publikoko eraikinak eta elementu osagarriak, hiri-altzariak, patioak eta orubeak, edo zoladura berezia. Aldi berean, auzotarrekin eta auzoko elkarteekin baterako prozesua egin da, azterketaren emaitzak aurkezteko, ekarpenak biltzeko eta gero espazio horiek mantentzeko partekatutako kudeaketa sistemetan aurrera egiteko. Azterketa horren emaitzekin, aukerako espazioen katalogo bat, proposatutako konponbideen deskribapena eta Erdi Aroko Hirigunea naturalizatzeko egokienak diren landare-espezieen sorta egin dira.