Entziako tornadoren lau urte ondoren Arabako Foru Aldundia Legaireko pagadiaren erresilientzia ikertzen ari da
2023/02/09
Ikerlana LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren parte da. Ikerketak 40 hektarea suntsitu zituen tornadoaren ondoren basoaren berreskuratze-maila zehaztuko du, eta gertaera latzen aurrean biodibertsitateak duen bilakaera ikertzeko ere balioko du.
Arabako Foru Aldundia duela lau urtetik Zadorra ibaiaren arroko Entziako Zainketa Bereziko Zonan (ZBZ) dagoen Legaireko pagadiaren erresilientzia ikertzen ari da. Lana lehenengo garapen-fasean dago eta 2018ko uztailean 40 hektarea inguruko eremuko zuhaitzak suntsitu zituen Entziako tornadoaren ondoren kaltetutako ekosistema zenbateraino kaltetu eta suspertu den jakitea dauka helburu.
Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateak egiten du, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruaren barneko jardueretako bat da, zehatzago esanda, C.5.1 Naturan oinarritutako irtenbideak ibai-arroetan ekintzaren barnekoa.
Lan taldea Legaireko pagadia nola egokitzen den aztertzen ari da, basoan egindako ekintza bi konparatuz: jausitako zuhaitzak erauztea eta zur eroria han uztea. Proiektuaren helburua bi hektareako lau ingurune konparatzean eta haietan zenbait alderdi aztertzean datza:
- zuhaitz gazte berrien taldeak
- lurzoruaren emankortasuna
- bizirik irauten diren zuhaitz helduen indarra eta hazkundea, basoaren erresilientziaren bultzatzaile gisa
Alde horretatik, tornadoa gertatu eta hiru urtera lortutako emaitzetan oinarritutako zenbait ondorio aurreratzen ditu ikerketak. Alde batetik, perturbazioa gertatu ondoren jaiotako landare gazteek birsorkuntza naturalean zeregin garrantzitsua izan dezaketela, haien ugaritasuna eta tamaina kontuan hartuta; eta, bestetik, bizirik atera diren zuhaitz helduek hazteko ahalmen handia dutela, eta horrek haien ugaltze-ahalmena errazten duela. Horrela, tornadoak gehien deuseztatutako guneetan hazi iturri bihurtzen dira zuhaitz helduak, eta zuhaitz-errezela berreskuratzen laguntzen dute.
Kudeaketari dagokienez, haize zorrotzak dauden lekuetan zur-erauzketarik gabeko eremuak uztea proposatzen du ikerketa-lanak, eta, ahal den neurrian, kaltetutako eremu osoan zehar sakabanatuta. Ikerlanak, halaber, bizirik geratu diren zuhaitzak errespetatzea gomendatzen du.