Ekoetxeak planeta salgai jarri du Wallapopen, kontzientziak

2025/10/10

Salerosketarako APP ezagun horretan, fikziozko iragarki batek ingurumenarekin lotutako mezu indartsu bat zabaldu du: planeta ez dago salgai, babestu egin behar da.

Ihobek kudeatzen duen eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen ingurumen zentroen Ekoetxea sareak harridura sortu du, inoiz argitaratu gabe zegoen publizitate mezu batekin: Lur planeta 0 euroan eskaintzen duen iragarki bat, Wallapopen. “Planeta salgai” izenburupean, kanpainak ingurumenaren egoerari buruzko premiazko hausnarketa eragin, eta herritarren konpromisoa aktibatu nahi du.

Iragarkiak benetako salmenta simulatzen du, eta klima aldaketaz, kutsaduraz, basogabetzeaz eta pareko arazoez ohartarazten duen deskribapena jasotzen du. Txata irekitzean, erabiltzaileek benetako helburua ezagutuko dute: Ekoetxea Erronkarekin bat egiteko gonbita da, hau da, plastikoen erabilera murriztea, bertako produktuak kontsumitzea, espazio naturalak zaintzea eta pareko ohitura jasangarriak sustatzen dituen ekimena.

Anbizio handiko helburua da: planeta hobetzea pertsona guztien eskura dagoela frogatzen duten banakako 10.000 konpromiso biltzea, hain zuzen. Kanpaina Wallapop ekosistemaren barruan bakarrik dago zabalduta, sare sozialetara eta publizitate konbentzionalera jo gabe, kontsumo espazio bat ingurumen aktibismorako kanal bihurtuz.

Parte hartzeko, nahikoa da Wallapopen “Planeta salgai” bilatzea, eta argibideei jarraitzea. Izan ere, preziorik izan behar ez lukeen zerbait badago, bizi garen planeta da.

Informazio gehiago: ekoetxea.eus/es/reto-ekoetxea-erronka