Ekoetxea Meatzaldeak esperientzia berri bat abiatu du eskoletako ikasleak klima-aldaketaren aurrean mobilizatzeko
2023/05/11
- Euskadiko ingurumen-zentroen sarearen prototipoak Bizkaiko eskualde horretako meatze-iraganari lotutako jarduera bat proposatzen du.
- Ekoetxeako ingurumen-hezkuntzako taldeak diseinatutako esperientziek konpromisoa bilatzen dute, klima-aldaketa gelditzen laguntzen duten ekintza pertsonal konkretuen bidez.
Ekoetxea Meatzaldeak eskola-komunitatera zuzendutako prototipo bat abiatu du, giza ekintzen eragin nabariaz kontzientziatzeko xedez, bai klima-aldaketa azkartzen duten jarduerei dagokienez eta bai fenomeno global horren ondorioak arintzen laguntzen dutenei dagokienez. Bigarren hezkuntzako lehen mailetako ikasleei zuzenduta, jarduera Ekoetxea sarearen eraldaketa-prozesuaren baitan kokatzen da; izan ere, prozesu horrek esperientzia berriak plantatzen ditu, konpromiso konkretuak herritarren aldetik lortzeko xedez.
Sarearen beste zentro batzuetan aurretik garatutako prototipoetan bezala, jarduerak lotura estua du Bizkaiko meatzaldeko ingurumen-zentroa inguratzen duen ekosistema propioarekin, eta, kasu honetan, eskualde horretako garapen ekonomikoari lotuta egon diren giza jardueretako batek –burdinaren meatzaritzak- bertan sortutako inpaktuarekin.
Maiatzaren lehenengo asteetan, Trapagarango Itxaropena Ikastolako eta Portugaleteko Zunzunegi BHIko DBHko lehenengo mailako talde batzuek parte hartuko dute ingurune naturala hezkuntza-tresna gisa integratzen duen jarduera horretan; gainera, aipatutako helburuez gain, jarduerak sen kritikoaren garapena sustatzen du, ikastetxetik kanpoko harremanen alde egiten du, eta, aldi berean, elkarrizketa, tolerantzia eta errespetua bultzatzen ditu taldekideen artean.
Esperientzia
Ekoetxea Meatzaldeako prototipo hau ikastetxe bakoitzeko ikasgeletan bertan hasten da, irakasleen lankidetzari esker, eta eskualdeko meatze-iraganari lotutako fikziozko kontakizun batetik abiatuta egituratzen da. Historiak Aldakor izeneko gizon gaiztoaren plan arriskutsuen aurrean jartzen ditu parte-hartzaileak; honen asmoa aberastea da, azken belaunaldiko gailu bat Zugaztietako antzinako meategietan garatzeari esker. Horrek biodibertsitatea suntsituko luke, eta horren bidez gizateria eta planeta menderatu ahal izango lituzke.
Bigarren fase batean, ikasle-taldeak paseo bat egiten du Zugaztietako antzinako meatze-ustiategitik; paseo horretan, oraingo paisaia aztertzen da, eta gainditu beharreko misio eta erronka batzuk planteatzen zaizkie. Ikasle-talde bakoitzaren helburua da lortzea, kontakizuneko protagonista gaiztoak baino lehenago, honek bere plan maltzurra gauzatzeko behar dituen elementuak. Parte-hartzaileek ikusiko dute meatzaritzaren amaieraren ostean natura poliki-poliki lehengoratu ahal izan dela, ekosistema berrien sorrera ekarriz.
Sareko prototipoak
Ekoetxea sareko ingurumen-hezkuntzako taldeak diseinatutako esperientzien helburua, parte-hartzaileak kontzientziatzeaz gain, konpromiso eta ekintza pertsonal konkretuak sustatzea da, alegia, haien eguneroko jardunean integratu ondoren klima-aldaketa gelditzen laguntzen duten konpromiso eta ekintza pertsonal konkretuak. Helburu hori bat dator Euskadiko ingurumen-zentroen sarearen asmo berriarekin, eta ideia bat indartu nahi du, hots, keinu guztiak kontuan hartzekoak direla etorkizun jasangarria zaintzeko eta bermatzeko.