“Ekintza klimatikoa ezinbestekoa da klima-aldaketaren ondorioak gure kostaldean moteltzeko”
2024/11/22
Iñigo Urrutikoetxea Álvarez Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak Euskadi Irratian nabarmendu ditu LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barne egin diren ekintzak, Bakion urpean gera daitekeen parke bat sortzeko eta Bermeoko Tonpoi gunea egokitzeko.
Iñigo Urrutikoetxea Álvarez Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak, Euskadi Irratiko Faktoria programan parte hartu du, asteazken honetan, azaroak 20, klima-aldaketak Euskadiko kostaldean dituen ondorioei buruzko saioan.
Bere hitzaldian, Urrutikoetxeak Ihobek egin dituen aurreikuspenak azaldu ditu. Aurreikuspen horiek Kostaegoki proiektuan jasotako datuei esker egin ahal izan dituzte, eta baita itsas mailaren igoera eta olatuen ondorioz euskal kostaldeak dituen kalteberatasuna eta arriskua aztertzeko bisoreari esker ere. Datu horien arabera, egoera ezkorrenean, 2100. urterako itsas maila metro bat inguru igo liteke, eta "horrek hondartzetan eragina izateaz gain, kostaldeko udalerrietan bizi diren pertsonei ere eragingo lieke, eta eragin ekonomiko handia izango luke", ziurtatu du.
Egoera horren aurrean, Urrutikoetxeak nabarmendu du Ihobek uste duela “ondorio horiei aurre egiteko ekintza klimatikoa bultzatzea ezinbestekoa dela”. “Erabakiak hartzeko unea dela" ere esan du, eta "egokitzapen-ekintzak bultzatzeko aukera gisa hartu behar dela klima-aldaketa”. Horretarako, adibide gisa LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barruan kostaldean egin diren ekintzetako batzuk jarri ditu.
Esaterako, Bakio uholdeen aurka babesteko eta Estepona ibaiaren ingurumena hobetzeko egingo diren ekintzak; horien bitartez “eremua uholdeen aurka babesteaz gain, aisialdirako parke bat sortu eta gune narriatu bat berreskuratuko da”.
Bestalde, Bermeoko Tonpoi gune naturala berreskuratzeko proiektua ere aipatu du. “Eremu degradatua eta irisgaitza zen, baratzeak, itxiturak eta txabolak zeudelako”, baina garbiketa eta birnaturalizazio lanen ondoren, erabilera publikorako ireki da, eta material naturalez eta lorezaintza jasangarriko irizpideen arabera egindako hiri inguruko azpiegitura berdea du.