EAEk ekarpen zehatza egin dio Parisko Hitzarmenari, eta klima-ekintzarekiko konpromisoa indartu du
2025/12/15
Berotze globala mugatzeko helburuak betetzeko herrialde bakoitzak hartzen dituen konpromiso klimatikoak jasotzen ditu dokumentuak.
Eusko Jaurlaritzak EAEren ekarpen zehatza (NDC) aurkeztu dio Parisko Hitzarmenari. Dokumentu estrategiko horretan zehazten da zer helburu eta neurri dituen lurraldeak klima-aldaketari aurre egiteko ahalegin globalekin bat egiteko epe labur eta ertainean. Horrela, EAEk berretsi egiten du karbonoan neutroa, erresilientea eta bidezkoa den eredu ekonomiko, energetiko eta sozial baterantz aurrera egiteko konpromisoa, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legearekin bat. Lege horrek betebehar argiak ezartzen dizkie EAEko erakundeei klimaren arloan.
Legearen xedea klima-neutraltasuna lortzea da 2050ean, hori 2045ean lortzeko behar diren ahaleginak egiteko konpromisoarekin. Tarteko helburu bat ere badu: 2005. urtearekin konparatuta, berotegi-efektuko gasen emisioak % 45 murriztea 2030erako. Helburuok anbiziotsuagoak dira aurretiko konpromisoen aldean, hala nola Klima 2050 estrategiaren aldean, eta bat datoz munduko tenperaturaren igoera 1,5 °C-ra mugatzeko Europar Batasunak eta Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) emandako gomendioekin.
Helburu horiek lortzeko, Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren 2030eko Estrategia eta Epe Luzerako Ibilbide Orria ari da lantzen EAE —gaur egun, izapidetzen ari da—. Tarteko helburuak eta arintze, egokitzapen eta bidezko trantsiziorako ildo estrategikoak zehazten ditu, eta aurreko estrategiak eta planak eguneratzen ditu.
EAEko testuingurua: aurrerapenak eta erronkak
Dokumentuak nabarmentzen duenez, hartutako neurriekin, EAEk hazkunde ekonomikoa eta emisioak bereiztea lortu du. Emisioak % 24 murriztu ditu 1990etik, eta BPGa % 67 handitu da. Aurrerapen hori efizientziaren hobekuntzari, elektrifikazio progresiboari eta energia garbiagoetarako trantsizioari esker izan da posible.
Hala ere, lurraldeak erronka nabarmenak ditu, industria-intentsitate handia, energia berriztagarri propioen eskuragarritasun mugatua eta energia berriztagarrien hedapen-erritmo eskasa direla-eta. Finkatutako helburuetarantz aurrera egiteko, NDCan neurri multzo integratu bat deskribatu da, arintze, energia-trantsizio eta egokitzapenerako.
Egokitzapenaren esparruan, dokumentuak azpimarratzen du EAEk konpromisoa duela klima-kalteberatasunak murrizteko, naturan oinarritutako konponbideak hedatzeko eta hiri-erresilientzia hobetzeko. Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da zenbateraino hedatuko den klima-aldaketara egokitzeko EBren Misioa, LIFE IP Urban Klima 2050 eta antzeko proiektuak abian jarrita (Ihobek koordinatzen du, eta klima-egokitzapenaren, -arintzearen eta -gobernantzaren arloko ekintzak bultzatzen ditu lurralde osoan), nazioarteko lankidetza-sareetan lan eginda (Under2 Coalition edo Regions4, esaterako), edo KAIA ekimena abian jarrita (Eusko Jaurlaritzaren estrategia aitzindaria da, eta proiektu erakusleen bidez, EAEko administrazio guztiak koordinatzen ditu lurralde-erresilientzia indartzeko klima-aldaketaren eraginen aurrean).
Lehentasunezko neurriak eta ikuspegiak
EAEko NDCan jasotako jarduketa-ildo nagusien artean hauek daude:
- Energia-aurrezpena eta -efizientzia sektore guztietan.
- Ekonomiaren elektrifikazioa eta energia-sorkuntza berriztagarria bultzatzea.
- Deskarbonizazio industriala efizientziaren, berrikuntzaren eta teknologia garbien bidez.
- Garraioaren deskarbonizazioa: elektrifikazioa, garraio publiko jasangarria, mugikortasun aktiboa.
- Ekonomia zirkularra, emisioak murrizteko eta baliabideak modu efizientean erabiltzeko motor gisa.
- Lurraldearen erresilientzia areagotzea: natura-ingurunea babestea, lehen sektore jasangarria, azpiegiturak eta hiri-ingurunea egokitzea, prebentzioa eta osasunaren babesa klima-aldaketak eragindako arriskuen aurrean, ingurune eroso eta osasungarriak, etab.
- Alarma goiztiarreko sistemak eta larrialdi-planak indartzea eta eguneratzea.
- Politika publikoetan justizia klimatikoaren eta bidezko energia-trantsizioaren irizpideak txertatzea.
- Gobernantza klimatikoa indartzea, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien, udalen, enpresen eta herritarren inplikazioarekin.
Gardentasuna eta jarraipena
EAEko NDCaren oinarria emisioen eskualde-inbentarioan eta IPCCk onartutako metodologiak dira. Gainera, aldizkako jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak ezartzen ditu, zer aurrerapen izan diren monitorizatzeko eta Europako eta nazioarteko esparruekin koherentzia dagoela bermatzeko.
Ekarpen horrekin, EAEk berretsi egiten du munduko ekintza klimatikoan rol aktiboa izateko borondatea, bai eta karbono gutxiko eredu energetiko eta ekonomiko erresiliente eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien beharrekin lerrokatu baterantz aurrera egiteko borondatea ere.

