Donostiako Udalak Errekatxulo errekaren zati bat birnaturalizatu du LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan
2023/03/27
LIFE IP Urban Klima 2050 programaren helburuetako bat etorkizunean ibai-uholdeak prebenitzea da, hainbat ibaitan irtenbide naturalak ezarrita. Beste ekintza askoren artean, Donostiako Udalak Errekatxulo errekan egin duena dago.
Erreka hori Belartzako industrialdean dago. Industrialdea eraikitzeko beharrak zirela eta, errekastoa erabat kanalizatu zen, eta, gainera, ubidearen trazadura modu naturalean desbideratu zen. Ondorioz, hormigoizko erreka zuzen bat sortu zen, fauna bizi daitekeen zokorik gabe, eta ibaiertzetako landaretzarik gabe, galeria-baso ezagunaren lekuan.
Horrek guztiak eragina du, zeharka, ibilgu txikiagoek euri-jasetan euriteetara iristen den aparteko energia eta ura moteltzeko duten ahalmena murrizten baitu. Ibai-sare txiki osoko moteltze horien guztien batukariak oso modu negatiboan eragiten die, besteak beste, ibaian behera hainbeste kalte ekonomiko eragiten dituzten uholdeei, ibai-sare nagusian (Igara, Martutene) eta LIFE honen xede direnei.
Errekatxulo errekak hainbat zati ditu, eta hainbat fasetan jardun nahi da, luzeraren zatirik handiena birnaturalizatzeko.
Oraingo honetan, lehengoratzea aipatutako industrialdearen iparraldeko haranaren hondoan egin da. Egin den irtenbidearen bidez, errekaren birnaturalizazio fisikoa lortu nahi da, trazadura zuzena zuen ubide zaharra bihurrituz, eta hormigoizko egituraren ordez material naturalak jarriz, ahal den mugen barruan errekaren potentzial ekologikoa berrezarri dadin eta ingurunearen dinamikak berak, landaretzak eta faunak egungoa baino kalitate handiagoko ibai-ekosistema sor dezaten.
Ekintza horiei eta etorkizunean egiten jarraituko direnei esker, herritarrei hainbeste ondasun eta zerbitzu eskaintzen dizkien eta zuzenean eta zeharka erabiltzen dituen hiri-biodibertsitatea hobetu ahal izango da (gertakari naturalen aurrean egonkortzea, hala nola uholdeak edo lehorteak, airea eta ura garbitzea, onura estetikoak eta kulturalak).
Gainera, konektibitatea hobetzea ahalbidetuko dute, habitata zatituta galdu ziren ukipen-eremuak lehengoratuz. Horrela, ibaiak eta ibaiertzak lehengoratzeak ibai-sistemen korridore ekologiko gisa jokatzen laguntzen du, paisaia zatikatuetan basa-faunaren joan-etorriak eta/edo babesa errazten baititu.
Jakina da hiri-biodibertsitate handiena duten berdeguneak sare hidrologikotik gertu daudenak eta hiri-ingururako trantsizio-eremuetan daudenak direla. Hori dela eta, Errekatxulo errekastoa leheneratuz, gune berdeen sare interkonektatu bat sortu nahi da, ekosistema naturalen funtzioak eta balioak kontserbatuko dituena, biztanleriari lotutako onurak emateaz gain.
Halaber, horrelako jarduketekin eredu izatea espero da, etorkizuneko jarduketetan errekak gehiago kontuan har daitezen hirigintza-garapen berriak diseinatzerakoan (bizitegietakoak, industriakoak edo merkataritzakoak), eta geroago lehengoratu beharreko egoera artifizialik sor ez dadin, hala nola Errekatxulokoa.