Donostiako Udalak Enobieta presako saguzarren babesa bultzatzen du
2026/2/11
EHUk Artikutzako presan bizi diren kiropteroen koloniak ezaugarritu ditu, eta eraistearen eragina murrizteko neurriak zehaztu ditu.
Donostiako Udalak Artikutzako Enobieta presaren barruan bizi diren saguzarren koloniak ezaugarritzeko ikerketa bultzatu du, azpiegitura eraisteko lanetan haien babesa bermatzeko. Jarduera hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan egiten ari da, azpiegitura berdea hobetzeko eta lurraldearen erresilientzia indartzeko ekintzen artean.
Ikerketa EHUko ikertzaileek egin zuten 2025eko uztaila eta abendua bitartean, eta 2016an egindako aurretiazko azterlan baten jarraipena izan zen. Orduan, jada agerian geratu zen Artikutzan saguzar mota ugari zeudela. Eremu natural hori txikia izan arren, eta kobazuloak edo harkaitzak bezalako babesleku naturalak urriak izan arren, Enobieta presa kiropteroentzako interes bereziko gunea izendatu zen, eta udako babesleku gisa duen erabilera zehatz-mehatz aztertzea gomendatu zen.
Espezie mehatxatuen koloniak
Ikerlan berriari esker, lehendik ezagunak ziren barne-hutsunetan bizi diren koloniak eta presa barruan aurkitu diren kamera berrietan bizi direnak ezaugarritu ahal izan dira. Ugaltzeko garaian, eremu horietan ferra-saguzar handi (Rhinolophus ferrumequinum) eta ferra-saguzar txiki (Rhinolophus hipposideros) kolonia handiak daude; biak espezie "kalteberak” dira.
Nahiz eta gutxiago izan, arratoi-saguzar handi (Myotis myotis) aleak ere aurkitu dira. Espezie hori "galzoriko” espeziea da, eta horrek indartu egiten du obrak egiten diren bitartean babes-neurri zehatzak hartzeko ideia.
Lanen eragina txikiagotzeko neurriak
Lortutako emaitzetatik abiatuta, ikerketa taldeak zenbait neurri zehaztu ditu, lanek saguzar kolonietan izango duten eragina txikiagotzeko. Helburu operatiboen artean, honako hauek nabarmentzen dira: animalien heriotza zuzena saihestea, erabiltzen dituzten babeslekuen baldintza fisikoak ahal den neurrian mantentzea, eta haien portaera alda dezaketen alderdiak murriztea lanak egiten diren bitartean eta ondoren.
Besteak beste, eraispenaren kronograma egokitzea proposatu da, ugalketa-aldiak errespetatzeko; obraren ingurumen-zuzendaritzan kiropteroetan adituak diren pertsonek parte hartzea; eta babesleku gisa erabiltzen diren zuloen baldintzak hobetzeko egokitzapenak egitea.

