Donostiak bat egin du ‘Basoen Artxipielagoa’ proiektuarekin, Oberan basoberritzeko planean parte hartuz

2021/07/05

Donostiako Udalak bat egin du Ecodes Fundazioak abiatutako ‘Basoen Artxipielagoa’ proiektuarekin, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta ekosistemen kudeaketa jasangarriaren alde egiteko xedez.

Ekimen honekin aurrera jarraitzen da Oberan mendiaren basoberritzearekin. Izan ere, Aiako Harriaren Parke Natural eta KBEan (Kontserbazio Bereziko Eremua) sartutako donostiar eremu horren basoberritzea LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua osatzen duten ekintzetako bat da.

Biodibertsitatea toki bakoitzeko espezie autoktonoak erabiltzearen bidez bultzatzeko asmoarekin bat etorriz, Lawson altzifreen baso bat moztu da, zeren oso izaera inbaditzailea duen espezie exotiko bat baita. 2021. urtearen hasieran, zenbait espezieren 8.000 ale landatu dira, batez ere haritzak (Quercus robur); horrekin batera, espezie sekundario arruntak ere landatu dira, ingurune horretako berezko habitata lehengoratzeko: harizti mistoa.

Datozen urteetarako aurreikusita dago lan horien bilakaera kontrolatzea, landare gehienak behar den bezala hazten ari direla egiaztatzeko. Arreta berezia zuzenduko zaie lurzoru eraldatuen aukera horiek aprobetxatu ohi dituzten espezie inbaditzaileei, edo bertan atera litezkeen Lawson altzifrearen kimu berriei, zeren gerta bailiteke azken hamarkadetako okupazioaren eraginez bertan seguruenik dagoen hazi-banku ugaria  aprobetxatzea.

Zenbait urteko mantenu- eta kontrol-lanaren ostean, aurreikusten da hariztiaren habitata behar bezain indartuta egongo dela eta landareek tamaina nahikoa izango dutela basoari berez eboluzionatzen uzteko.

‘Basoaren Artxipielagoa’, gizarte-elkarlanean oinarritutako lankidetza-estrategia bat

‘Basoen Artxipielagoa’ proiektuak gizarte-elkarlana eta parte-hartzea azpimarratzen ditu lankidetza-estrategia bat abiatzeko eta gizarte-erakundeen, enpresen, administrazio publikoen eta pertsonen basoberritze-ekintzak artxipielago moduan batzeko, baso-sare bat sortuz eta ekosistemen kudeaketa jasangarria sustatuz.