Daniel Montalvo (IEA): “Datu solido eta ulergarriak behar dira eredu jasangarriagoak helburu dituen trantsizio sozioekonomikoa azkartzeko”

2025/9/9

Ingurumenaren Europako Agentziako adituak Ingurumen Neurketa Aurreratuko Eskolan parte hartu du, EHUren udako ikastaroen programazioaren baitan Ihobek eta Eustatek antolatzen dutena.

Donostiako Miramar Jauregian ingurumen-estatistikako espezialistak bildu ditu jardunaldiak. Bertan, adierazle aurreratuen eginkizuna aztertu dute lurralde-ekintza eta ekintza-urbanoa klima-aldaketaren kontra gidatzeko.

Ingurumen Neurketa Aurreratuko Eskola antolatu dute Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, eta Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak. Bertan, irailaren 4an Donostiako Miramar Jauregian, zientzia arloko, instituzioetako eta arlo teknikoko profesionalak elkartu dira, ingurumen-adierazleen neurketaren aurrerapauso eta erronken inguruan eztabaidatzeko eta erronka klimatikoen aurrean ingurumen-datu eta -estatistikek duten garrantziari buruz hausnartzeko. 

Alexander Boto Bastegietak eta Belén Muñiz Villanuevak, Ihobeko eta Eustateko zuzendari nagusiek, hurrenez hurren, hasiera eman diote jardunaldiari. Nabarmendu dutenez, beharrezkoa da ingurumen-informazio zorrotza eta eskuragarria izatea politika publikoak bideratu eta Euskadiko ingurumenaren egoera erreala herritarrei hurbiltzeko.

Ponentzia nagusia, “Datuetatik soluzioetara” izeneko konferentzia, Daniel Montalvok eskaini du, Ingurumenaren Europako Agentziako (IEA) Ekonomia Zirkularraren, Finantzen eta Adierazleen arloko zuzendariak. Hitzaldian Montalvok nabarmendu du “datu solidoak eta ulergarriak behar direla eredu jasangarriagoak helburu dituen trantsizio sozioekonomikoa azkartzeko, eta, ildo horretatik, zientzia, administrazioak eta gizartea funtsezkoak dira”.

Gainera, espezialistak gogorarazi du “soilik bi belaunalditan gizartearen eta ingurumenaren arteko harremanaren erroko aldaketa gertatu dela, munduaren tenperaturan eta ekosistemen gaineko presioan islatu den aldaketa, hain zuzen ere”. Horiek horrela, defendatu du “ezinbestekoa” dela “garapen ekonomikoaren eta ingurumena kaltetzearen arteko harremana haustea. Badira garaipenak, ozono geruzaren murrizketa edota energia berriztagarrien hedapena kasu, baina aldaketa geldoa da beste arlo batzuetan”.

IEAren helburuei dagokionez, Montalvok azpimarratu du agentziaren misioa dela datu zientifiko konplexuak informazio erabilgarri bilakatzea, erabakiak hartzen dituztenen eskura jartzeko. Gogoratu duenez, “datu publikoen sistemak geldoak dira, harmonizazioa, konparagarritasuna, eta gardentasuna eskaintzen dute, eta garai digitalean mantendu beharrekoak dira”. Ildo horretatik, azpimarratu du adimen artifiziala eta teknologia garrantzitsuak direla datu azkarragoak eta zehatzagoak lortzeko, besteak beste, sateliteei, biomonitorizazioari edo “maching learning” delakoari esker. 

Jardunaldian Victoria García Olearen ponentzia ere izan da. Eustateko Produkziorako eta Analisi Estatistikorako zuzendariordeak Euskadiko ingurumen-kontuen funtzionamendua azaldu du, ekonomia eta ingurumena konektatzen dituen sistema estatistikoa. Adierazi duenez, “ingurumen-kontuak ingurumen-informazioaren oinarrietako bat dira, ekonomiaren eta ingurune naturalaren arteko harremana neurtzeko aukera ematen dutelako”.

García Olearen arabera, etorkizunean ekosistemen kontua txertatu beharko da: “horrek datu geoespazialen bidez giltzarri diren zerbitzuak neurtzea ahalbidetuko du, esaterako, biodibertsitatea edo basoen osasuna”. Era berean, datuen produkzioa eta difusioa azkartzearen beharraz ohartarazi du, gizarteak eta instituzioek horiek hobeto baliatzeko aukera izan dezaten.

Ingurumenaren egoera Euskadin

Ondoren, María García Flecha Ihobeko Estrategia eta Berrikuntza zuzendariak 2025eko Euskadiko ingurumenaren egoeraren aurrerapena egin du eta ingurumen-datuen monitorizazioaren erronkak azaldu ditu. Bere esku-hartzean, Ihoberen, Eustaten eta Ingurumen Sailburuordetzaren arteko elkarlana nabarmendu du: “txosten mardul eta eskuragarriak prestatu dira”. Besteak beste, Euskadiko ingurumenaren egoerari buruzko txostena, ingurumenaren koiuntura-txostena edo Euskadiren karbono-aztarnaren, klimaren egoeraren edo zoru kutsatuen inguruko txosten monografikoak argitaratu dira. Amaitzeko, honakoa adierazi du María Garcíak: “Zientzia, politika eta herritarren arteko konexioa da erronka nagusietako bat, datuak txosten teknikoetatik harago joatea behar dugu, berekin erabaki eraginkorrak eta jokabide aldaketak ekarri behar dituzte”.

Goiza ixteko, Eustat, Euskalmet, AZTI eta Tecnalia erakundeetako ordezkariek osatutako mahai-ingurua izan da. Bertan honako gai hauen inguruko esperientziak eta kasu praktikoak trukatu dituzte: ingurumen-estatistika, informazio sistemak, biki digitalak, biometria eta meteo-klimaren monitorizazioa.