Carbon Disclosure Project-ek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Euskadin egindako lana nabarmendu du

2025/01/14

Nazioarteko erakunde ospetsu horrek Euskadiko klima-ekintza proiektu handienaren ikuspegi integrala nabarmendu du; proiektuak hiriguneetan, ibai-arroetan eta itsasertzean klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea lortu nahi du.

Carbon Disclosure Project (CDP) klima-aldaketaren aurkako nazioarteko erakunde garrantzitsuenetako bat da, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua aipatu du klima-ekintza integralaren adibide gisa. Argitaratu berri den argitalpen batean, CDPk Urban Klima 2050en helburu bikoitza azpimarratu du: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta euskal lurraldea klima-aldaketaren eraginera egokitzea.

CDPren artikuluak nabarmentzen duenez, Ihobe buru duen eta Europar Batasunak finantzatzen duen proiektua hiru eremutan garatzen da: hiriguneak eta hiri-inguruak, ibai-arroak eta kostaldeak. Gune horiek klima-aldaketagatiko kalteberatasun handia dute eta lurraldearen erresilientzia lortzeko garrantzitsuak dira; horregatik proiektuaren ekintzak garatzeko aukeratu izan dira.

CDPren aipamen horrek LIFE IP Urban Klima 2050ek nazioarteko klima-ekintzan duen garrantzia indartzen du, eta Euskadik 2050erako klima-erresilientzia eta neutraltasuna lortzeko duen konpromisoa nabarmentzen du.

Carbon Disclosure Project (CDP) irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakundea da, eta enpresak, hiriak, estatuak eta eskualdeak bultzatzen ditu ingurumenean duten eragina jakinaraztera eta klima-ekintza gardentasunez kudeatzera. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du CDPk, eta munduko ingurumen-dibulgazioko sistemarik handiena du. Merkatu globalak aldatzeko lan egiten du, sektore guztietan jasangarritasuna eta emisioen murrizketa sustatuz.