Bizkaiko Foru Aldundiak Urban Klima 2050en ekintzak azpimarratu ditu azpiegitura berde-urdinaren planaren barruan
2024/06/19
Ekintza hauen artean, Tonpoiko natura-eremua (Bermeo) leheneratu, Estepona ibaia (Bakio) egokitu eta Zorrotzako lurmuturrean (Bilbo) naturan oinarritutako konponbideak garatzen ari dira.
2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko, Bizkaia azpiegitura berde-urdinaren plana diseinatzen eta garatzen ari da. Sare ekologiko horrek eremu naturalak, erdinaturalak eta beste ingurumen elementu batzuk bilduko ditu, eskualdearen eta hura osatzen duten paisaien ingurumen kalitatea hobetzen laguntzeko.
Hala azaldu du Carlos Garrido Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko teknikariak Onda Vascak ingurumen jasangarritasunari buruz egiten duen podcastean. "Ekosistemetan egiten ari den etorkizuneko inbertsioa da, lurraldea klimaren eraginetara egokitzen laguntzeko", ziurtatu du.
Martxan jarritako ekintzen artean, foru aldundia bazkide duen LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan garatutakoak azpimarratu ditu Garridok. Zehazki, Garridok Bermeoko Tonpoiko naturgunearen leheneratzea aipatu du. Horri esker, eremu narriatu bat oneratu ahal izan da, eta material naturalekin eta lorezaintza jasangarriko irizpideen arabera hiri-inguruko azpiegitura berdea diseinatu da. Bakioko Estepona ibaiaren egokitzapena ere nabarmendu du, klima aldaketaren mehatxuen aurrean ibaiaren erresilientzia handitzea, hondatutako eremu naturala leheneratzea eta aisialdirako guneak garatzea ahalbidetuko baitu. Eta hirugarrenik, Zorrotza lurmuturrean (Bilbo) egiten ari den hirigintza-garapeneko proiektua aipatu du, leku hori modu jasangarrian berreskuratzeko, eta bai etxebizitzarako bai jarduera ekonomikorako erabiltzeko.