Bizkaiak handitu egin ditu energia-eraginkortasuna hobetzeko eta klima-aldaketaren aurkako jardueretarako dirulaguntzen ildoak
2021/12/16
Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu datorren urtean udalek eta mankomunitateek klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan garatzen dituzten jarduerak finantzatzeko. Laguntza horiek larrialdi klimatikoari aurre eginez erresilienteak izango diren lurralde eta gizartea lortzeko foru erakundearen estrategiaren parte dira, ingurumen-iraunkortasunaren ikuspegitik garapen sozioekonomikoari lagunduko diotenak.
Zehatzago esanda dirulaguntza horien barruan 100.000 euro bideratuko dira udalerri eta eskualde mailako klima-aldaketari eta energiari buruzko planak egiteko azterlan mota guztietara, hala nola Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Plana, Energia Jasangarriaren Ekintza Plana, Udalaren Energia Plana, klima-aldaketari eta/edo energiari buruzko beste plan batzuk, bai eta gaiari buruzko diagnostikoak eta ebaluazioak ere. Azterlan horiek egiteko udalek eta mankomunitateek gehienez 15.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete.
Beste 300.000 euro argiteria publikoarekin zerikusia duten ekintzak finantzatzera bideratuko dira: kanpoko argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea lortzen dutenak, kontsumo energetikoen urrutiko monitorizazio-sistema iraunkorra instalatzera bideratutakoak eta argiztapen horretan gauzatze-proiektuak eragingo dituzten energia-azterketak eta -analisiak egitera bideratutakoak.
Laguntzak eraikin publikoetan energia elektrikoaren eta/edo erregaiaren kontsumoa murriztea helburu duten jarduketetara ere bideratzen dira. Kasu honetan 400.000 euroko zenbatekoa ezarri da klimatizazioko edo ur bero sanitarioa ekoizteko, kogenerazioko/trigenerazioko, barne-argiztapeneko eta baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak diruz laguntzeko, baita monitorizazio energetikorako sistema iraunkorrak instalatzeko eta gauzatu beharreko proiektuetan eratortzen diren azterketa eta analisi energetikoak egiteko ere.
Udalek eta mankomunitateek 76.000 euro eta 133.000 euro eskuratu ahal izango dituzte, hurrenez hurren, lehen aipatutako proiektuetarako.
Gainerako 200.000 euroak deialdi honetan irekitzen den lerro berrian biltzen dira: ibilgailu elektrikoak eta hibrido entxufagarriak erostea eta kargatzeko zutoinak instalatzea. Ibilgailuak udaleko/mankomunitateko ibilgailu-parkekoak izango dira eta hainbat motatakoak izan daitezke (utilitarioak, kargakoak, garbiketakoak...); kargatzeko zutoinak, berriz, gutxienez karga ertain-azkarrekoa izan beharko du. Udalek gehienez 20.000 euro jaso ahal izango dituzte horrelako ekimenetarako.
Otsailaren 28an itxiko da dirulaguntza horietarako eskabideak aurkezteko epea. Eskabideak norgehiagoka-erregimenean emango dira.