Bilbok klima aldaketaren irizpideekin osatu du Zorrotza lurmuturreko hiri diseinua
2023/12/04
Urban Klima 2050en bideoak ikusgai jartzen du espazio hori modu jasangarrian lehengoratzeko diseinatutako hirigintza garapenerako proiektua, erabilera mistoko gune batekin: etxebizitzakoa zein jarduera ekonomikokoa.
Bilbok aurrerapausoak eman ditu Zorrotza lurmuturreko hirigintza garapenean, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualean klima aldaketaren ikuspegia eta hartarako egokitzapena txertatu ditu, gune horri dagokionez.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak bideo batean bildu ditu Bizkaiko hiriburuko gune horretan aurreikusitako jarduketak. Urban Klima 2050ek EAEko beste hainbat udalerritan abian dituen zazpi proiektu pilotuetako bat da, eta pixkana-pixkana bideo formatuan komunikatzen ari da, 2023ko azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean Dubain egiten ari den Klima Aldaketari buruzko NBEren Konferentzia dela tarteko (COP 28).
Zorrotza lurmuturrari dagokionez, Bilboko Udalak iragan industrialeko gune hori lehengoratzeko Tecnaliaren laguntzarekin planifikatutako jarduerak azaltzen ditu bideoak. Hartutako neurrien artean, klima aldaketaren ikuspegia HAPOn txertatzea lehenesten da, eremu horretan euri jasek eta estres termikoak izan dezaketen inpaktuari aurre egiteko azterlan espezifikoak egin daitezen.
Bilboko txoko horren diseinu berriak erabilera mistoko gune bat sortuko du: etxebizitzak zein jarduera ekonomikorako espazioak. Hala, motor bidez egindako joan-etorriak gutxituko dira, eta horiei lotutako emisioak murriztu. Proiektuak, gainera, interes kulturaleko ondasun gisa katalogatutako eraikinak birgaitzeari ekingo dio.
Ezagutu proiektuaren xehetasun guztiak bideoan.