Bermeok Tonpoiko naturagunea ireki du erabilera publikorako

2022/06/06

Bi urte baino gehiagoko lanen ondoren, Bermeok Tonpoiko ingurune naturala leheneratu du, eta erabilera publikorako ireki. Leheneratu den 3 km2-ko ingurumen-balio handiko eremua Talapeko eta Tonpoiko itsaslabarren artean dago. «Baratzeak, itxiturak eta txabolak zauden eremu degradatu bat leheneratu da eta, orain, herritar guztiek erabili eta gozatu ahal izango dute eremu hori», Aritz Abaroa alkateak adierazi zuenez.

Ekimen honen helburua (Urban Klima 2050 proiektuaren C.4.2 Hiri- eta landa-konexioa eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea ekintzaren barruan dago) espazio hori erabat leheneratzea da, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai gizartearen ikuspegitik, erabilera publikoko hiri inguruko azpiegitura berde bat sortuz irizpide jasangarriekin eta klima-aldaketara egokituta.

Hiri inguruko azpiegitura berdea material naturalekin eta lorezaintza jasangarriko irizpideekin diseinatu da, eta klima-aldaketaren ondorioen aurkako babes-eremuak ditu. Espezie autoktonoen zuhaixkak eta zuhaitzak landatzeak itzalpeko eremuak emango dizkio parkeari. Gainera, inguruko landazabal atlantikoko paisaia leheneratzeari esker, mikrohabitata eta biodibertsitatea sortuko dira.

Pasealekua itsasertzetik, Arizatxuko hareatzaraino

Tonpoiko parke berdearen sorrera bigarren fase batekin osatuko da –urrian hasiko da–, eta pasealekuari jarraipena emango dio Arizatxuko hareatzaraino itsasertzetik.

Ibilbidea hiru kilometro luze izango da, eta oinezkoentzako bide batetik igaroko da, paisaiaren ikuspegia osatzeko: badia eta Matxitxako lurmuturra ikusiko dira mendebaldean, eta Izaro uhartea eta Oka ibaiaren estuarioa ekialdean.