Bermeok Tonpoi natura eremuko ingurumena berreskuratzeko egindako lanen emaitzak erakutsi ditu

2023/12/01

Urban Klima 2050 bideoan, paisaia eta ingurumen aldetik balio handia duen eremu hori jendeak erabili ahal izan dezan, bertan egindako ekintzak zehazten dira.

Duela ia bi urtetik hona, bermeotarrek paisaia- eta ingurumen-balio handia duen hiri-inguruaz goza dezakete. Azken hamarkadetan, ingurune hori baratzez, itxiturez eta txabolez beteta egon da.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak egindako bideoan, Tonpoiko itsaslabarren eremua leheneratzeko eta jendearentzako irekitzeko egindako ekintzak zehazten dira. Klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko Bermeon eta beste sei euskal udalerritan proiektu pilotuak egiten ari dira. Eta Urban Klima 2050ek, azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean Dubain egiten ari den Klima Aldaketari buruzko NBEren Biltzarra (COP 28) dela eta, proiektu horiek erakusteko bideo-bilduma egin du.

Bermeoko proiektua Bermeoko Udalak zuzentzen du, eta Neikerrek bertan parte hartzen du. Bideoan, proiektuaren faseak azaltzen dira. Alde batetik, ingurumen arloko lanak egin dira. Espezie inbaditzaileak kendu dira, eta zuhaitz autoktonoak landatu dira, kostaldeko Kantauriko artadiak berreskuratzeko eta inguruko biodibertsitatea sustatzeko. Gainera, Neikerrek lurzoruko karbono organikoaren neurketak egin ditu, lurzoruaren kalitatearen jarraipena egin ahal izateko eta gunea klima-aldaketara hobeto egokitzen laguntzeko.

Era berean, bideoan azaltzen den bezala, klima-aldaketako irizpideak kontuan hartuta paisaia berreskuratu da, horrela, ingurumena hobetzeaz gain, Bermeoko herritarrentzako bide bat ere eginda.

Ikusi bideoan proiektuaren xehetasun guztiak.