BECeko instalazio fotovoltaiko berria lehiaketara atera da
2025/6/10
1,25 MW-ko instalazio berriak energia biltegiratuko du eta 1,6 milioi euro balioko du. Ekintza hori EEEk bultzatu du LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barruan.
Bilbao Exhibition Centrek 1,25 MW-ko eguzki-instalazio fotovoltaiko berria izango du. Instalazioak 1,2 MWh-ko energia biltegiratzeko sistema edukiko du, eraikinak erabiltzen duen energia, ahal den neurrian, berriztagarria izan dadin. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren kide den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bultzatu du neurri hori. Horretarako, 1,6 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta europar proiektuak horren zati bat ordainduko du.
Ekimena dagoeneko lehiaketara atera da, eta lan hauek hartzen ditu barne: BECeko 2. pabiloiaren estalkirako instalazio fotovoltaiko bat diseinatzea eta eraikitzea, energia kudeatzeko sistema adimendun bat sortzea, eta lehen bi urteetan mantentze lanak egitea. Iaz beste instalazio bat jarri zen BECen, eta hau bertan jarriko den bigarrena izango da. Horrela, eraikinak bere energia sortzeko dituen baliabideak indartuko dira eta haren karbono-aztarna txikituko da.
Jarduketa hori eraikin publikoak deskarbonizatzeko helburuekin bat dator, eta erakusketa-gune handiak energia berriztagarriaren sortzaile eta kudeatzaile aktibo bihur daitezkeela erakusten du.

