Barredok LIFE URBAN KLIMA 2050 proiektua nabarmendu du, “Euskadin garatuko den ekintza klimatikoko proiektu handiena”, UHINAK kongresuaren aurkezpenean
2020/10/28
Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak nabarmendu du garrantzitsua dela Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko UHINAK Mugaz Gaindiko IV. Kongresuaren aurkezpenean Urban Klima2050 Europako LIFE proiektu integratuaren buru izatea.
“Life integratua Urban Klima2050 proiektu europarra zuzentzen ari gara, datozen urteetan Euskadin egingo den ekintza klimatikoko proiekturik handiena, 20 erakunde publiko eta pribaturen parte-hartzearekin, ia 20 milioi euroko aurrekontuarekin eta 6 urteko iraupenarekin. Duela ia urtebete ekin zion bideari, hiri eta hiri inguruko eremuetan, ibai-arroan eta kostaldean proiektu pilotuak garatzeko helburuarekin. Era berean, herritarrak eta administrazioa sentsibilizatzen lan egingo du, Euskadiko klima-aldaketara egokitzeko giro egokia sortzeko”.
Barredok adierazi duenez, kongresu mota hau beharrezkoa da komunitate zientifikoak ezagutza partekatu ahal izateko eta administrazioak epe labur eta ertaineko erabakiak hartzen lagundu ahal izateko. “Itsas maila poliki baina etengabe igotzen ari da, eta horrek eragin nabarmena izango du Euskal Herriko kostaldean”, esan du.
“Euskadin etxeko lanak egiten ari gara. 2015etik dugu Klima 2050 Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia. Estrategia aitzindaria da, eta Eusko Jaurlaritzak onartu zuen, Parisko Akordioaren aurretik ere, eta asmo handiko helburuak finkatzen ditu gure lurraldearentzat”, gehitu du.