AZTIk zuzendutako ikerketa batek ohartarazi du Euskadiko hondartzak zaurgarriak direla aldaketa klimatikoaren aurrean
2021/05/25
- Ihoberen eta Urban Klima 2050ean integratutako LIFE proiektuaren babesarekin egindako lanak aurreikusten du 2100. urtean Euskadiko hondartzek 10 eta 45 metro artean egingo dutela atzera
- Emaitzek agerian utzi dute tokiko kudeaketa-estrategiak behar ditugula
Euskal kostaldea babesteko helburua duen Urban Klima 2050ean integratutako LIFE proiektuaren kezka nagusietako bat honako hau da: euskal kostaldeak aldaketa klimatikoaren aurrean duen zaurgarritasuna.
Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketako sozietate publikoaren eta Urban Klima 2050 proiektuaren babesarekin egindako azterlan honen bidez aldaketa klimatikoak Euskadiko 28 hondartzetan izango duen eragina aztertu da. Emaitzek erakutsi dute zaurgarritasun hori nabarmena dela eta tokiko kudeaketa-estrategiak behar ditugula.
Lanak, Coastal Engineering aldizkari espezializatuan argitaratu denak, kalkulatzen du 2100. urterako aurreikusten den batez besteko higadura —olatuek eta itsasaldiek (epe laburreko eraginak) eta itsas mailaren igoerak (epe luzeko eraginak) eragindakoak— 10 eta 45 metro eta 14 eta 66 metro artekoa dela, hondartzaren arabera eta kontuan hartutako itsas mailaren batez besteko igoera-tasaren arabera.
Hondartzen jokabidea, AZTIK erabiltzen duen KostaSystem bideo bidezko monitorizazio-sistemaren bidez kalibratua, kosta-lerroaren garapen-eredu baten bidez simulatzen da, zeinak kontuan hartzen baitu, alde batetik, olatuek, itsasaldiek eta itsas mailaren igoerak sortutako zeharkako garraioa (azaleratutako zatiaren eta urpeko zatiaren artekoa) eta luzetarakoa (hondartzan zeharrekoa) eta, bestetik, egitura zurrunak, hala nola itsasbazterreko pasealekuak. Kosta-lerroaren bilakaeraren azterketa historikoa egiteko, ekaitz-mareak eta -olatuak erabiltzen dira eredua behartzeko, berranalisi-datuetatik abiatuta eta neurrietan oinarritutako aurreikuspenekin.
Azterlan hori Ihoberentzat egin da, Urban Klima 2050ean sartutako LIFE proiektuaren baitan, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta beste administrazio, ikerketa-zentro eta euskal kostaldeko erakunde batzuen laguntzarekin.