AZTIk pH sentsore bat instalatu du euskal itsasertzean ozeanoaren azidotzearen jarraipena egiteko
2021/10/27
- LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren ekintzen esparruko neurri honek bat egiten du euskal kostaldean itsasoko klima-aldaketaren jarraipena egiteko ezarritako neurketa-plataforma desberdinekin.
Euskal itsasertza behatzea eta monitorizatzea funtsezkoa da klima-aldaketak Euskadiko kostaldean dituen efektuak aztertzeko. Helburu hori lortu nahi du AZTIk 1986an klima-aldaketaren jarraipena egiteko itsasoan hainbat plataforma instalatzen hasi zenetik.
Ildo horretan, azken ekintza pH sentsore berri bat instalatzea izan da, ozeanoaren azidotzearen jarraipena egiteko EAEko itsasertzean. Ekintza LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren baitan kokatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren eta Naturklimaren laguntza du.
Sentsorea kostatik 3 km ingurura instalatuta dago, 50 metroko sakonerako hondoetan. Hari esker, Bizkaiko golkoaren eremuko pH-aren bilakaerari buruzko datu erregularrak lortuko dira, eta modu fidagarri eta zehatzean estimatu ahal izango da ozeanoaren azidotze-maila. Itsasoan disolbatzean uraren pH-a jaistea eragiten duten erregai fosilen CO2 isurien ondorio zuzena da azidotzea, eta itsas organismoen hazkundeari eragiten dio, hala nola koral-algei, moluskuei, krustazeoei, itsas barraskiloei, koralei eta plankton-komunitate batzuei.