2025/5/28:
Azterlan batek egiaztatu du 2018ko tornadoaren ondoren Legaireko pagadia (Araba) leheneratzen ari dela
Arabako Foru Aldundiak agindutako eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barruan egindako azterlan batean, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egiaztatu du 2018ko tornadoaren ondoren Legaireko pagadia leheneratzen ari dela. Tornado horrek Zadorra ibaiaren arroan dagoen Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) atal hori kaltetu zuen.
Lanak baso-ekosistemaren erresilientzia ebaluatu du, bi kudeaketa-eredu konparatuz: eroritako zura ateratzea eta zura lurrean uztea.
Emaitzek erakusten dutenez, egur hila lurrean uzteak basoa bizkorrago birsortzen laguntzen du, lurzoruaren emankortasuna hobetzen du eta funtsezko onura ekologikoak ekartzen ditu, hala nola habitatak mantentzea eta materia organikoa ugaritzea. Bestalde, zura atera den lursailetan ere leheneratzea ikusten da, baina motelagoa.
Ekimen hau C.5.1: Naturan oinarritutako irtenbideak ibai-arroetan ekintzaren barruan kokatzen da.
Erakunde laguntzailea: Arabako Foru Aldundia

