Aurrera doaz Mendebaldea proiektuaren V. faseko lanak: landaketei ekin zaie jadanik

2023/11/27

Mendebaldea proiektuaren V. fasea –N-102 errepidearen eta Jundizko industrialdearen hegoaldearen artekoa – lehen loteko obrekin hasi zen: lurren mugimenduak gauzatu ziren eta bideak egin ziren. Faseko lanen erdia eginda, azaroaren bigarren loteari ekin zitzaion, ereite eta landaketei lotutakoa. Lan horien bidez, Jundizko parke berria osatzen ari da Gasteizko hiriaren mendebalderantz. Gogoan izan Jundizko parkea industrialdearen inguruko korridore berde handia dela.

Proiektuko obren lehen lotea 2023ko irailetik urrira bitartean egin zen, eta, material birziklatuak erabiliz, oinezkoentzako eta bizikletetarako bide berri bat sortu zen Jundizko Zerbitzu Zentroa (CSJ) Ibaiako kanpinarekin lotzeko, eta, aldi berean, Jundizko parkea egungo Eraztun Berdearekin eta Zabalgana auzoarekin lotzeko. Bidearen osagarri, egurrezko bi pasabide jarriko dira inguru horretan dauden erreten bat eta erreka pasatzeko.

Lehen loteko lanak –lurra prestatzea, ereitea eta hainbat landaredi-bilduma landatzea– azaroan hasi ziren. 2030erako GJHen helburuekin eta Hiri Adimendunen eta Klimatikoki Neutroen 100 hiriko misioarekin bat etorriz (Gasteiz aitzindaria da misio horretan), karbonoa finkatu eta biltegiratzeko baso iraunkorrak sortzea ere badu xede jarduketak. Zehazki, guztira 2,6 hektareako azalera basotu nahi da, eta Arabako lautadako espezie autoktonoen bidez honako landaredi-tipologiak sortu nahi dira: sastrakak, artadiak, erkameztiak eta ibaiertzeko basoa. Mota bakoitza lurraren ekologiaren eta lurzoruaren kalitatearen arabera kokatuko dira parkearen barruan.

Proiektuaren fase honetako lanak Madrildik Gasteizera sartzeko errepidera ematen duten zenbait enpresaren fatxaden aurreko aldean egingo dira. Landaredia txikia landatuko da, gehien bat sastraka eta zuhaixka erakoa. Horrela, etorkizuneko zuhaizti horiek ez dute eragotziko fatxadak ikustea N-102 errepidetik. Zuhaiztiez gain, zuhaixka-heskaiek, aromatikoek eta ibaiertzekoek 3.240 metro koadro hartuko dituzte. Horiek, balio estetikoa izateaz gain, eremuak mugatzeko aukera ematen dute, gerora parkea mantentzeari begira.

Bestalde, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin lankidetzan, bidean ehun zumar (Ulmus minor) baino gehiago landatuko dira, grafiosiarekiko erresistentzia handikoak izateagatik aukeratutako aldaerakoak. Era berean, lurzoru gutxi duten guneak konpostatu eta erein egingo dira.

Laburbilduz, jarduketa horri esker, bideen 2 kilometro gehiago izango dira mugikortasun jasangarria errazteko, eta 11.100 landaretik gora landatuko dira, industrialdearen periferia naturalizatzeko eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Eusko Jaurlaritza eta Europako funtsak diruz laguntzen ari dira obra finantzatzen: lehenak, garapen jasangarria sustatzeko laguntza-programaren bidez, eta, bigarrenak, Life IP Urban Klima 2050 proiektuaren bidez, zein Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena baita datozen urteetarako.