ASTEKLIMA Azokak klima-aldaketaren erronka 1.700 pertsona baino gehiagori ekarri dio
2023/10/18
Azoka ibiltaria 9 udalerritan egon da, eta, familia osoarentzako jokoen bidez, klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko, etxean, mugikortasunean, aisialdian edo kontsumoan egunero egin daitezkeen ekintzak erakutsi ditu.
Azokan, udalerrietan eta Euskadi mailan ere klima-aldaketaren arloan egiten ari diren jardueren berri ere eman da.
ASTEKLIMA Azoka ibiltariak klima-aldaketaren erronka 9 euskal udalerritara eraman du irailaren 22tik urriaren 1era. Aldi berean, ASTEKLIMA 2023 Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen laugarren edizioa ospatu da.
1.700 pertsona baino gehiago hurbildu dira karpetara, eta bertan, familia osoarentzako jokoen bidez, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko ohiko ekintzak, eta gure hiri-inguruneak haren ondorioetara egokitzeko udal-jardunbideak ikasi dituzte. Gainera, parte hartu dutenek jakin ahal izan dute Administrazioak klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko zer ekimen bultzatu dituen, bai Euskadin, bai udaletan.
Azoka Ihobe sozietate publikoaren, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu europarraren, Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen eta Ekoetxea ingurumen-zentroen sarearen elkarlanaren emaitza da, eta Bilbon, Bakion, Trapagan, Irunen, Azpeitian, Gasteizen, Donostian, Zarautzen eta Bermeon egin da.
Azokaren sei karpetan, parte-hartzaileek hainbat jarduera ludiko didaktikoz gozatu ahal izan dute. Karpa bakoitzak hauetako gai bat landu du:
- Klima-aldaketa zer da eta ekintzeak duen garrantzia
- Nire etxebizitzan nola jokatu
- Nola mugitzen gara
- Aisialdian eta kontsumoan nola jokatu
- Urban Klima zer da eta zer egiten ari da nire udalerria klima-aldaketara egokitzeko
- Zuk zer egingo zenuke? Aldatzeko ekintzaren batean parte hartu ezazu. Jarduera honek esparru honetan udalerriei eskaerak egiteko aukera ematen zuen.
Klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko pasaportea
ASTEKLIMA Azokak “pasaporte” itxura duen joko-dinamika proposatzen du, pertsonek klima-aldaketari dagokionez dituzten ohiturei buruzko autodiagnostikoa egin dezaten. Pasaporteak pertsonen eguneroko bizitza jasangarriagoa egiteko informazioa eta jarduerak eskaintzen ditu, eta Azokako sei karpak bisitatzea eskatzen du.
Gainera, ‘Egin bat erronkarekin’ aplikazio mugikorrak lagun egingo dio pertsona bakoitzari datozen asteetan ohiturak aldatzen. Desafio horri buruzko informazio osoa eta aplikazioaren instalazioari buruzko informazioa hemen: www.asteklima.eus/bateginklima-erronkareki
Argazki guztiak eskuragarri daude album honetan.