Artikutzan Enobietako ibai-ekosistema lehengoratzen aurrera egiten ari da
2026/1/19
Parkean informazio-panel bat jarri da, Donostiako Udalak 2018tik egindako ekintzak zehazteko. Horiei esker, erreka eta haltzadi kantauriarra lehengoratu eta espezie babestuen habitata hobetu ahal izan da.
Artikutza naturguneko ibai-ekosistemak berreskuratzen jarraitzeko, Enobieta urtegia naturalizatzen ari da. Donostiako Udalak egindako eta Neikerrek zuzendutako ekintza estrategikoa da, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren parte da. Hainbat urtez planifikatutako ekintzak egin ondoren, urez estalita zegoen eremuan dinamika naturala eta dibertsitate ekologikoa berreskuratzen ari da.
Parkearen sarbidean instalatutako informazio-panelean 2018an leheneratze proiektua hasi zenetik egindako ekintza guztiak eta lortutako emaitzak azaldu dira. Lehen ekintza hondoko hustubidearen uhateak irekitzea izan zen, urtegia modu kontrolatuan husteko. Prozesua 2019an amaitu zen, eta urtegia guztiz hustu zen. Harrezkero, Enobieta errekaren jatorrizko ibilgua eta bertako ekosistemak leheneratzeko ekintzak egin dira.
Gaur egun, ibai-ibilguak gero eta egitura konplexuagoa du, sedimentu egonkorragoak daude eta ibaiertzeko landaredia bere kabuz lehengoratzen ari da. Prozesu horren ondorioz, haltzadi kantauriarra eta erribera funtzionaleko baso bat garatzen ari dira pixkanaka, eta horiek funtsezkoak dira ingurunearen erresilientzia ekologikoa handitzeko.
Habitata hobetzea
Hainbat espezieren habitata hobetzeko ekintzak ere egin dira. Anfibioen kasuan, haien kontserbazio-egoera ona den arren, urte osoan zehar ura duten tamaina ertaineko putzu gutxi daudenez, 2021ean urtegi zaharrean hiru putzu berri eraiki ziren. Era berean, 2021etik 2024ra bitartean, eta argazki zaharretan oinarrituta, belardiak sortu eta mantendu dira bi hektarea inguruko azaleran. Horrela, habitaten aniztasuna eta, horrekin batera, biodibertsitatea handitu nahi dira.
Enobieta erreka lehengoratzea bereziki garrantzitsua da muturluzea bezalako espezie sentikorrentzat; muturluzea egoera kritikoan dagoen ugaztun txikia da, eta ondo kontserbatutako ibaiak behar ditu bizi ahal izateko. Artikutzan dauden saguzar espezie ugariak babesteko neurriak ere pentsatu dira; kolonia batzuek presako tunela erabiltzen dute aterpe gisa, eta tunelara sartzen jarraitu ahal izango dutela bermatu nahi da.
Proiektuaren azken mugarria presa nagusiaren zati bat eraistea da. 2026an egingo da, LIFE Kantarubai proiektu barruan, eta horrela urtegi zaharra Artikutzako paisaia naturalean integratuko da.
Lan horiek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren C4.2.6 ekintzaren parte dira; eta horren bitartez, lurraldearen erresilientzia hobetzeko hiri-inguruko azpiegitura berdea zaindu nahi da. Helburua erriberako landaredia indartzea, fauna babestuaren jarraipena egitea eta klima-aldaketara egokitzen eta biodibertsitatea kontserbatzen lagunduko duten naturgune berriak sendotzea da.

