Arabako Foru Aldundiak Lantaronen baso autoktono bat berroneratzeko lanak amaitu ditu

2022/12/29

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren baitan, Arabako Foru Aldundiak Lantarongo baso autoktono bat berroneratzeko lanak amaitu ditu. Jarduketa C.5.1. Naturan oinarritutako irtenbideak ibai-arroetan ekintzaren barruan sartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko ibai uholde-arriskua kudeatzen, eta klima-aldaketa arintzen eta hartara egokitzen lagunduz.

Ekimenak, 38.489 euroko inbertsioa duelarik (BEZa barne), ibaiertzeko 3,6 hektareako azalera duten jatorrizko basoak lehengoratzea aurreikusten du, horietan guztira 3.130 zuhaitz landatuz. Erabilitako espezieei dagokienez, lurzatian bi azpieremu bereizten dira: batak Ebro ibaiarekin muga estuagoa du eta bertan ibaiertzeko espezieak landatu dira (Populus alba, Alnus glutinosa, Fraxinus angustifolia eta Salix); eta, bestean, Pinus pinea espeziearen jatorrizko zuhaiztia lehengoratu da, beste espezie batzuekin nahastuta, hala nola erkametza.

Hala, Ebro ibaiaren KBEko (Kontserbazio Bereziko Eremua) ibai-korridorea eta hura osatzen duten habitat naturalak kontserbatzea eta lehengoratzea sustatzen da, ibaiertzen arteko lotura bermatuz eta fauna interesgarriaren joan-etorriak eta presentzia erraztuz, hala nola bisoi europarra, eurasiar igaraba, martin arrantzalea, uhalde-enara, arrain-komunitatea, naiadeak, apoarmatu korrontezalea, apo ezproidun arrunta eta Bechstein saguzarra.

Planteatutako landaredi sartzeak onura handiak ekarriko ditu, lurrazaleko isurketak saihestuz eta espezie autoktonoen ibai-korridore ekologikoa leheneragotuz. Era berean, karbonoa finkatzen laguntzeaz gain, Ebro ibaia babesteko landare-pantaila bat sortzen laguntzen dute lanek, lixibiatuen aurreko iragazki berde gisa. Azken batean, “eremu horretako ingurumen, paisaia eta habitat ezaugarriak hobetuko dira, eta, gainera, azpiegitura berdeen bidez, klima-aldaketaren erronkari erantzun eraginkorra ematen laguntzen dute naturan oinarritutako konponbideekin”, nabarmendu du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak.

Azaroan eta abenduan, lurra prestatzeko lanak eta landaketak egin badira ere, datorren urtean zehar mantentze-lanak ureztatzean, jorratzean eta hutsarteak berritzean oinarritzea espero da.