Arabako Foru Aldundiak lanerako bidean mugikortasun jasangarria bultzatu nahi du, Gamarran, Jundizen eta Iruña Okan bizikletentzako 70 aparkaleku seguru berri jarrita
2024/06/24
Arabako Foru Aldundiak lanerako bidean mugikortasun jasangarria hobetzen duten jarduerak bultzatzen jarraitzen du, eta bizikletak aparkatzeko gune seguru berriak jarri ditu Gamarran, Jundizko industrialdean eta Iruña Okan.
Aparkaleku berriak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barnekoak dira; hain zuzen, C.4.3 Mugikortasun jasangarri eta osasungarria ekintzaren barnekoak, eta Amurrion, Aiaran eta Laudion eta tren geltokietatik gertu dagoeneko martxan daudenei gehitu zaizkie.
Gamarran dagoenak 50 plaza ditu eta mugikortasun jasangarria sustatzeko aukera emango du. Hala, lan inguruneetan zerbitzu horiek duten eskaera gero eta handiagoari erantzungo dio. Azpiegitura horrek eguzki plakak ditu bere autonomia eta energia eraginkortasuna bermatzeko, eta erabiltzaileen bizikleta elektrikoak kargatzeko aukera ere ematen du.
Bestalde, Jundizko aparkaleku modularrean 10 plaza daude erabilgarri. Horiei Iruña Okan dauden beste 10 gehitu behar zaizkie. Jarduketa amaitzeko, bizikletak garbitzeko eta konpontzeko puntu bat jarri da Krispiñan, Zadorraren ibilbide berdeari lotuta.
Instalazio berrien aurkezpenean, Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak azaldu duenez, “guztira, ehun plaza dira Foru Aldundiak gaitu dituenak, eta horiek indartu egingo dute garraiobide gisa bizikleta erabiltzen dutenentzako aparkaleku segurua eta karga elektrikoa”.
Ildo horretan, Barredok nabarmendu du “espazio horiek hiriguneen eta industrialdeen arteko konektibitatea errazten eta sustatzen” dutela “bizikletentzako ibilbideen bidez, eta, horrela, eguneroko joan-etorrietan mugikortasun jasangarrirantz egingo” dugula, “bizimodu osasungarriagoa sustatzearekin batera”.
Aparkaleku seguruak aluminioz eta polikarbonatoz eginak daude: erresistentzia maila handiko materiala da, deformatzeko zaila, eta eraso bandalikoetatik edo klima traketsetik babesteko egokia. Zerbitzu hau erabili nahi duten erabiltzaileek alta eman beharko dute telefono mugikorreko aplikazio batean. Horrek kode bat sortuko die, zeina bizikleten aparkaleku seguruan erabili ahal izango duten.
Gamarrako eta Jundizko aparkalekuak VGbiziz: Gasteizko Udaleko bizikletentzako aparkaleku seguruen sarean egongo dira kokatuta, eta horien barrura sartzeko ezinbestekoa izango da erabiltzaile kodea idaztea.
Jarduera hori gauzatzeko Foru Aldundiak 211.668,69 euroko inbertsioa egin du, BEZa barne, eta LIFE programak kofinantzatu du.
Zerbitzu hau martxan jartzearena mugikortasun elektrikoari eta, zehazki, bizikletari buruzko azterketa baten emaitza da. Azterketa 2021ean egin zen, Nerbioiko Parke Linealean eta Zadorrako Ibilbide Berdean dauden ibilbide berdeen bidez hiriguneak industrialdeekin lotzeko asmoz. Lan horrek eguneroko mugikortasuna aztertu zuen mugikortasun jasangarria lagundu zezaketen esparru estrategikoak identifikatzeko, eta karga puntu elektrikoak zituzten bizikleten aparkaleku seguruen kokapena zehaztu zuen.