Arabako Foru Aldundiak energia-autokontsumoa bultzatzen du lau landa-gunetan eguzki-instalazio fotovoltaikoak jarriz
2025/6/16
Proiektuan Boveda, Lalastra, Valluerca eta Buradon Gatzagan eguzki-autokontsumorako sistema fotovoltaikoak instalatuko dira, 345.000 euroko aurrekontuarekin.
Arabako Foru Aldundiak Boveda, Lalastra, Valluerca eta Buradon Gatzaga herrietan eguzki-autokontsumorako sistema fotovoltaikoak instalatzeko proiektuak egitea onartu du. Ekintza horrek 345.000 euroko aurrekontua du, eta bere helburua tokian sortutako energia berriztagarriak sustatzea da. Gainera, ekintza LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan kokatzen da; hain zuzen ere, C.4.4 Energia berriztagarrien ezarpena izeneko ekintzan.
Ekimena autosufizientzia frogatzeko proiektuetarako egokiak ziren herrixkak aurkitzeko Foru Aldundiak 2022an egindako azterketaren ondoren sortu zen. 2024an, aurreproiektuak egin ziren, eta, orain, azkenik horiek mamituko dira.
Aldundiak azpimarratu du jarduera horrek "lurraldean ekoitzitako energia berriztagarrien erabilera" indartzen duela, eta tokiko errealitatera egokitutako konponbideak sustatzen dituela, landa-komunitateetan klima-aldaketaren aurreko erresilientzia handituz.
Isurketak murrizteaz gain, ekintza honen helburua energia sorkuntza deszentralizatu ereduen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatzea da. Horrela, Aldundiak trantsizio energetikoan laguntzen du, eta landa-eremuen autonomia eta jasangarritasuna indartzen ditu.

