Arabako Foru Aldundiak egiaztatu du 2018ko tornadoaren ondoren Legaireko pagadia eta haren ekosistema leheneratzen ari direla
2025/6/3
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barruan egindako ikerketa batek zura basoan hilda uzteak bere birsorkuntza errazten duela nabarmendu du.
Legaireko pagadia Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dago, Zadorra ibaiaren arroan (Araba), eta 2018ko uztailean ekosistema horren zati bat suntsitu zuen tornadoaren ondoren leheneratzeko gaitasun nabarmena erakutsi du. Hala islatzen du Arabako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) eskatutako azterlan batek. Azterlanak muturreko asalduren aurrean basoak duen erresilientzia ebaluatzen du, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barne garatu da.
Ikerketa horretan Entziako Partzuergoak ere parte hartu du, eta bertan, tornadoa igaro ondoren basoa kudeatzeko erabilitako hainbat eredu aztertu dira. Zehazki, bi estrategia konparatu ziren bi hektareako lau lursailetan: batzuetan, eroritako egurra kendu zen, eta beste batzuetan, berriz, lurrean utzi zen.
Azterlanaren arabera, lursail guztiak ondo suspertu dira, baina ezberdintasun nabariak egon dira. Egur hila mantendu zen eremuetan, basoaren birsorkuntza azkarragoa izan da: Fagus sylvatica (pagoa) ale berrien dentsitate handia dago, eta lurzoruaren baldintzak eta oreka ekologikoa hobetu egin dira. Hildako egurrak habitat eta mantenugaien gordailu gisa jardun du, eta, aldi berean, lurra ez da trinkotu, egurra ateratzeko makineriarik ez delako egon.
Bestalde, zura atera zen lursailetan lehengoratzea motelagoa izan da. Horietan, makinak pasatzean metatutako lurrezko hondarrek beste lursailetan utzitako enborren antzeko funtzio ekologikoa bete dute.
Lanak azpimarratzen du bi kudeaketa moduak erabili izateak baso-paisaia askotarikoagoa eta erresilienteagoa bihurtu duela. Etorkizunean gerta daitezkeen antzeko asaldurei begira, gomendatzen da egur hila mantentzen duten zatiak kontserbatzea basoaren birsorkuntza naturala martxan dagoen eremuetan. Horrek, klima-aldaketaren ondoriozko muturreko gertakarien aurrean, ekosistema horiek egokitzeko duten gaitasuna handituko luke.
Ekintza hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak bultzatzen dituen naturan oinarritutako konponbideen parte da. Proiektua Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak, koordinatzen du eta klima-aldaketari egokitzeko eta hura arintzeko lurraldean egiten ari diren ekintza pilotuak biltzen ditu.

