Arabako Foru Aldundiak bizikletentzako aparkalekuak eta garbiketa modulu bat jarriko ditu Zadorrako Ibilbide Berdean
2023/08/01
Bizikletentzako aparkalekuak Gasteizen egongo dira, Gamarran eta Jundizen, eta hirugarrena Iruña Okan.
Horiek Amurrion, Aiaran eta Laudion tren geltokietatik gertu dauden aparkalekuei gehitzen zaie.
Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak aurrera jarraitzen du lan inguruneetarako bizikleta bidezko konektagarritasun jasangarria hobetzeko jarduerak bultzatzen. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak bizikletentzako aparkaleku seguruak eta garbiketa modulu bat jarriko ditu Zadorrako Ibilbide Berdean. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan dago esku hartzea, eta, zehazki, mugikortasun jasangarriaren, emisioen murrizketaren eta bizitza osasungarriaren C.4.3 ekintzarekin lotuta dago.
Nerbioiko Parke Linealean eta Zadorraren Ibilbide Berdean dauden ibilbide berdeen bidez hiri eremuak industrialdeekin lotzeko asmoz 2021ean egin zen mugikortasun elektrikoari eta, zehazki, bizikleta bidezkoari buruzko azterlan baten emaitza dugu ekintza hau. Eguneroko mugikortasuna aztertu zuen lan horrek, mugikortasun jasangarria erraztu dezaketen eremu estrategikoak identifikatzeko, eta birkarga puntu elektrikoak dituzten bizikleten aparkaleku seguruen kokapena zehaztu zuen.
Bizikleta aparkalekuetako bi Gasteizen egongo dira, Gamarran eta Jundizen, eta hirugarrena Iruña Okan. Horiek Amurrion, Aiaran eta Laudion tren geltokietatik gertu dauden aparkalekuei gehitzen zaie. Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatuarentzat, "lehentasunezko helburua da hiri eremuen eta industrialdeen arteko konektibitatea sustatzea bizikleta bideen bidez". Eguneroko joan-etorrietan mugikortasun jasangarrirantz aurrera egin behar dugu, eta, aldi berean, bizimodu osasungarriagoa sustatu. Bizikletaren erabileran erreferentea den lurralde bat eraikitzen jarraituko dugu, jende gehien biltzen den tokiak lotuz, hala nola lantokiak, txirrindulariei zerbitzua ematen dieten azpiegituren bidez".
Etorkizuneko instalazioak martxan jarriz gero, 10 eta 53 bizikleta artean utzi ahal izango dira aparkaleku seguru bakoitzean, motaren arabera. Aparkaleku seguru horiek aluminioz eta polikarbonatoz eginda daude; material horiek erresistentzia, deformaezintasun eta babes maila handia dute eraso bandalikoetatik edo eguraldi txarretik babesteko. Erabiltzaileek alta eman beharko dute telefono mugikorreko aplikazio batean. Aplikazio horrek kode bat sortuko du bizikleten aparkaleku segurua erabili ahal izateko. Barrura sartzeko, erabiltzaile kodea tekleatu beharko da.
Bizikletentzako aparkalekuak eta garbiketa modulua hornitzeko, instalatzeko, martxan jartzeko, mantentze lanetarako, zaintzeko eta osorik kudeatzeko inbertsioa 211.668,69 euro da, BEZa barne.