2023/05/26:
Amaitu da Mendebaldea proiektuaren IV. fasea Gasteizen

2022ko uda amaieran hasi ondoren, amaitutzat eman da Vitroria-Gasteizko Jundiz parkea garatzen ari den Mendebaldea proiektuaren IV. fasea. Jundizko poligonoaren eta A-1 autobidearen artean korridore berde zabal bat sortzea du helburu proiektu honek, eta hasieratik planteatu zen elkarren segidako faseetan. Fase horiek, oro har, ikuspegi komuna dute: ingurune degradatuak leheneratzea, konektibitate ekologikoa hobetzea eta klima-aldaketaren ondorioak arintzea.

IV fase honetan, I. fasea (Lermanda ingurua) eta III. fasea (Ariñez ingurua) hurbileko biztanleguneekin eta jardueraguneekin lotu dira, 10 hektarea inguru hartuta. Margarita kontzejuarekin lotu da parkea iparraldean, eta Ariñiz kontzejuarekin eta Jundizeko Zerbitzu Zentroarekin hegoaldean. Rural Kutxarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ondorioz, esku-hartzea 3,5 hektareatan handitu ahal izan da Jundizko Zerbitzu Zentroaren mendebaldean.

2022an lurrak garbitu, lurrak mugitu eta bideak egin ondoren, 2023ko lehen lauhilekoan ereintzak eta landaketak amaitu ziren, eta 25.087 landare instalatu ziren guztira. Ahalegin gehiena (20.604 landare) lurzati publikoak landatzeko erabili zen, ingurunea paisaiaren aldetik hobetzeaz gain, karbonoa finkatzeko gaitasun handia duten hustubideak sortzeko.

Esku-hartze horiekin, Mendebaldea Proiektuaren IV. Faseko obrak amaitu dira, eta, aldi berean, etorkizuneko Jundiz Parke hori finkatzen jarraitu da, Gasteizko Eraztun Berdea udalerriaren mendebalderantz zabaltzen duena. Hurrengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira landaredia behar bezala sustraitzen dela bermatzeko, bai eta bertara bisitak egiteko ere.

Ekimen hau C.42 Hiri eta landa-konexioa eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura verdea ekintzaren barruan kokatzen da.

Erakunde laguntzaileak: Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Gasteizko Udala