Amaia Barredo COP26n: “Urban Klima tokiko ekintza-proiektu bat da, lankidetzan egina eta eraldatzailea”

2021/11/10

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak Euskadiko klima-ekintzako planak aurkeztu ditu Glasgowko COP26 Klimaren Nazioarteko Goi-bileran. Besteak beste, LIFE IP Urban Klima 2050 nabarmendu du, tokiko ekintzan oinarritutako eta “lankidetzan egindako proiektu eraldatzaile” gisa.

Amaia Barredok parte hartu du astearte honetan, azaroaren 9an, ‘Politikak diseinatzetik aplikatzera: klima-aldaketara moldatzeko eskualdeko konponbide berritzaileak’ saioan. Bertan, Euskadik duela “20 urtetik” klima-aldaketaren aurrean duen konpromisoa azpimarratu du. Barredok, halaber, Balear Uharteetako, OCTAko (Overseas Countries and Territories Association) eta Eskualdeetako Batzordeko ordezkariekin partekatu du panela, eta guztiek eskualde-mailako puntako esperientziak eta haien erreplikagarritasun globala erakutsi dituzte.

Bere hitzaldian zehar, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua zehaztu du sailburuordeak: “Euskadiko tokiko ekintza-proiekturik handiena: 40 ekintza jasotzen ditu 6 urteko exekuzio-aldian, eta beste arlo batzuetan erreplikatu ahal izango dira”, azaldu du. Gainera, Barredok nabarmendu du proiektu honetan gobernantza anizkoitzak duen garrantzia, 20 erakundek hartzen baitute parte. “Eusko Jaurlaritzarekin batera, hiru foru-aldundiek, zazpi udalek eta zenbait teknologia- eta ikerketa-zentrok parte hartzen dute”, adierazi du. Azpimarratu duenez, eragile horien guztien inplikazioak aukera emango du “konpromisoak betetzen direla ziurtatzeko eta klima-aldaketa tokiko ekintzan nola integratu definitzeko”.

Bestalde, Urban Klima 2050en bidez jarduten den hiru mailak gogoratu ditu Barredok: ibai-arroak, hiriguneak eta kostaldeak, “toki-administrazioa ahaldunduz eta herritarren parte-hartzea sustatuz”. Gainera, gogora ekarri du du garrantzitsua dela erakunde guztien inplikazioa, “elkarrekin lan egin behar dugulako trantsizio hori lortzeko”.