Alexander Botok Urban Klima 2050en ekintzak nabarmentzen ditu, “naturari eta pertsonei leku gehiago emango dieten hiriak eta hiri-inguruak” lortzeko
2023/10/23
Equipamiento y Servicios Municipales aldizkariaren ‘Hiri-kontzeptu berri bat eraikitzen’ erreportajean, Ihoberen zuzendariak Euskadik hiri-plangintza berri baten alde duen konpromisoa azaldu du, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko.
“Ihoben etorkizuneko hiria berdea ikusten dugu”. Horrela laburbiltzen du Alexander Botok Euskadik klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko funtsezko tresna izango den hiri-plangintza berri batean aurrera egiteko duen konpromisoa.
Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendariak eta Ángela Baldellou CSCAE 2030 Behatokiko zuzendariak, Equipamiento y Servicios Municipales aldizkariaren azken zenbakian argitaratutako ‘Hiri-kontzeptu berri bat eraikitzen’ erreportajean parte hartu dute.
Elkarrizketan, Botok hauxe azpimarratu du: “hiri-plangintzak hiriak eta hiri-inguruak birmoldatu behar ditu, naturarentzako eta pertsonentzako leku handiagoa eta bizi-kalitate ona bermatzeko, bereziki talde ahulenentzat”. Adibide gisa, zuzendariak Ihobek koordinatzen duen LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak abian jarritako ekintzak aipatu ditu. Zehazki, ahalduntzean, hezkuntzan eta gobernantza klimatikorako egiturak sortzean oinarritutako proiektu pilotu eskalagarriak nabarmendu ditu. “Pertsonen boterean tinko sinesten dugu, eta, horregatik, klima kontzientzia duten eta ekintzari bide emango dioten herritarren alde ere egiten dugu. Helburu horrekin, herritarrak ahalduntzeko hainbat plan garatzen ari gara, eta esperientziak zabaltzen ditugu, klima-aldaketa arintzeak eta gure lurraldea egokitzeak duen garrantziaren berri emateko eta horren inguruan sentsibilizatzeko”, azaldu du aldizkarian.
Gainera, Ihobeko zuzendariak esan du beharrezkoa dela “azpiegitura berdea eta irtenbide naturalak lehentasunezko alternatiba orokortua bilakatzea”. Elkarrizketan, Botok hiri berdeagoen aldeko apustua egin du, “naturarekiko iragazkorrak diren hiriak, hiriaren eta natur ingurunearen eta landarediaren arteko trantsizio gozoagoa dutenak”. Hiri horiek eraginkortasun energetikoa handitu eta energia-kontsumoa murriztuko duen eraikuntza jasangarriagoa ere izango dute. Bestalde, ibilgailu pribatuari protagonismoa kentzeko eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiteko eskatu du Botok. Azkenik, talde ahulenak kontuan hartuta hiri inklusiboagoak diseinatzeko deia egiten du.
Hiri osasungarriagoetarako bidea
Gainera, Equipamiento y Servicios Municipales aldizkariaren hirugarren hiruhilekoko argitalpenean, Estibaliz Sanzek, Urban Klima 2050en bazkide den Basque Centre of Climate Change (BC3)ko ikertzailea, hiri osasungarriagoetarako hurbilketa egin du.
“Hiriak birnaturalizatzen: hiri osasuntsu eta erresilienteenetarako bidea” artikuluan, Estibaliz Sanzek hiri-inguruneetan elementu naturalak sartzeko beharra azpimarratzen du, hala nola, zuhaitzak landatzea, berdeguneak, naturguneak eta parkeak sortzea, ibaiak leheneratzea edo biodibertsitatea sustatzea, klima-aldaketak, elikagaien segurtasunak eta osasunak eragindako hiri-erronkei erantzuteko. Hain zuzen ere, BC3k Urban Klima 2050en C.3.1 ekintza lantzen du, klima-aldaketa osasun-politiketan integratzeari buruzkoa.