Alde Zaharra naturalizatzeko esku-hartzearen inpaktua monitorizatzen hasi da, hiru egoera-azterlanen bidez
2025/4/11
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hiriko hegaztien eta intsektu polinizatzaileen komunitatearen osaera aztertu du, Alde Zaharra naturalizatu ondoren izango duen bilakaera neurtzeko. Gainera, herritarren pertzepzioari buruzko inkesta bat egin du auzoko bizilagunen artean.
Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) Alde Zaharra naturalizatzeko esku-hartzeak gauzatu aurreko hiru egoera-azterlan jarri ditu abian, obrak amaitu ondoren izango duen inpaktua ebaluatzeko helburuarekin. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan kokatzen dira ekintza horiek; hain zuzen ere, C.4.1 ekintzaren barruan (Naturan oinarritutako irtenbideak eta halakoen elkarrekiko onurak).
Azterlanei esker, auzoaren egungo egoera berdatu ondorengo etorkizuneko egoerarekin alderatu ahal izango da, onura ekologikoak eta gizartearen pertzepzioa ebaluatuz. Honako alderdi hauetan zentratu dira:
- Hegazti-komunitatearen osaera: Alde Zaharrean dauden hiri-hegaztien aniztasuna eta ugaritasuna aztertzen ditu. Bildutako informazioa oinarri izango da berdegune berriek hiri-inguruneko faunan nola eragiten duten ulertzeko.
- Polinizatzaileen jarraipena: oreka ekologikorako funtsezkoak diren intsektuen presentzia aztertzen du, hala nola erleena eta tximeletena. Habitat eta korridore ekologiko gisa jarduten duten berdeguneak sortu ondoren neurtuko da haien bilakaera.
- Gizarte-pertzepzioari buruzko inkesta: Alde Zaharreko 200 egoiliarrek auzoko berdeguneei buruz duten iritzia jasotzen du. Azterlan horri esker, bizilagunen gogobetetze-maila eta naturalizazioak bizi-kalitatean duen eragina ezagutu ahal izango dira.

