Adierazle klimatikoak: Urban Klima 2050en funtsezko tresna Euskadin klima-aldaketaren bilakaera monitorizatzeko
2025/02/11

Proiektuak aginte-taula bat du, hiru adierazle-tipologia dituena: aldagai klimatikoak, segimendu sektoriala, eta arintzea eta/edo egokitzea.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Euskadin klima-aldaketarekin lotutako hainbat aldagairen bilakaera ezagutzeko aukera ematen duten zenbait adierazle klimatiko ditu. Informazio hori neurketa-estazioek edo Euskadiko Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko zentroek jasotako datuetan oinarrituta dago, eta klima-aldaketak Euskadin duen eragina aztertzea errazten du.
Horretarako, aginte-taula bat egin da, eta 3 adierazle-tipologia daude:
Aldagai klimatikoen adierazleak
Eskuragarri dauden adierazleen artean, tenperaturarekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira, hala nola airearen batez besteko tenperatura, gau tropikalen kopurua edo bero-boladen kopurua eta magnitudea, beste balio batzuen artean. Datu horiei esker, tenperaturen goranzko joera eta horrek biztanleengan eta ekosistemetan duen eragina ebalua daiteke.
Prezipitazioari dagokionez, guztizko prezipitazioa, euri asko egin duen egun-kopurua edo aldi lehor eta hezeen iraupena kontsulta daitezke, eta horrek lehorteen edo muturreko eurien ereduak identifikatzea errazten du.
Itsasertzak, kostaldeak eta ozeanoak ere funtsezko adierazleak dituzte, hala nola itsasoaren batez besteko mailaren bilakaera, pH-aren maila, uraren tenperatura edo olatuak, klima-aldaketak kostaldean dituen eraginak ulertzeko funtsezkoak.
Segimendu sektorialaren adierazleak
Klima-aldaketaren eragina sektore espezifikoetan ere neurtzen da. Itsas ekosistemetan, adierazle hauek aztertzen dira, besteak beste: komunitate biotikoen tenperatura, itsas belardien bilakaera, itsas bentosen komunitateak eta megafaunaren presentzia.
Lehen sektorean, merkataritza-interesa duten itsas espezieak aztertzen dira, klima-aldaketak arrantzan dituen ondorioak ebaluatzeko.
Osasunaren arloan, espezie inbaditzaileen hedapena monitorizatzen da, hala nola Aedes spp. eltxoena, hirietako parkeetako akainen ugaritasuna edo Anisakisak arrain komertzialetan duen eragina.
Arintze- eta egokitze-adierazleak
Klima-aldaketa arintzeko eta egokitzeko funtsezkoak diren adierazleak ere aztertzen ditu proiektuak, hala nola lurzoruko karbono organikoaren edukia, zeinak aukera ematen baitu ekosistemek karbonoa biltegiratzeko eta berotegi-efektuko gasak murrizten laguntzeko duten gaitasuna ebaluatzeko.
Kontsultatu adierazle klimatikoak
Informazio hori guztia Urban Klima 2050en webguneko adierazle klimatikoen atalean dago eskuragarri; bertan, denbora-serieak eta grafiko interaktiboak kontsulta daitezke, analisia errazago egiteko.
Ikusi adierazleak hemen: https://urbanklima2050.eu/eu/adierazle-klimatikoak/